Ikastola Lagunak taldeak ateak zabalik ditu

Guaixe

Jendea Andra Mari ikastolako eraikin berria mustu zenean. ARTXIBOA

Komunitatea gehiago saretzea eta indartzea izanen du helburu nagusi bere plangintzak.

Sakanako hamalau herri hartzen dituen Andra Mari ikastolako Ikastola Lagunak taldea aurreko ikasturtean sortu zuten. Hezkuntza komunitatetik haratago joan eta ikastola ereduaren oinarri sozial eta historikoak indartzeko helburuz sortu zuten. Ikasturte berriarekin batera, taldeko kideak lanean hasi dira eta eginen dituzten ekimenen eta jardueren plangintza zehazten hasi dira. Langintza horretan lagundu nahi dutenak ateak zabalik dituztela gogorarazi dute Ikastola Lagunak taldekoek. Informazio gehiago nahi duenak eskatzeko aukera duela gaztigatu dute. 

Taldeaz
Azaldu dutenez, "Ikastola Lagunak egitasmoa ikastoletan eta Ikastolen Elkartean aktiboki parte hartu duten kideen bilgunea da. Ikastola eredua partekatzeaz aparte, beren ikuspuntutik ekarpenak egiteko prest dauden pertsonak biltzen ditu: guraso ohiak, ikasle ohiak, langile ohiak eta ikastolazaleak".

Taldearen lanketa esparru "soziala eta ideologikoa da, hau da, herrigintzaren ikuspegitik ikastolaren muina elikatzea". Gaineratu dutenez, "proiektuak Euskal Herriko ikuspegia du eta Euskal Herriko Ikastolak estrategiaren barruan kokatzen da, baina ikastola bakoitzeko taldeak autonomia osoa du bere dinamikak antolatzeko".

Andra Mari Ikastola Lagunak taldea martxan jarri zutenek lau helburu zehaztu zituzten. Aurrena, dimentsio soziala zabaltzea. Hau da, ikastola babestuko duen eta proiektua sutsuki defendatuko duen jende konprometitu gehiago biltzea. Hurrena, historia memoria gordetzea. Horretarako, ikastolaren historia eta erroak jaso eta belaunaldi berriei transmititzeko prest dagoen talde bat izatea. Horretaz aparte, taldekideek sarea osatu nahi dute laguntza emateko prest izateko, esaterako, ikastolako jaialdietan, ospakizunetan edo ekitaldi zehatzetan. Atzeneko helburua auzolana sustatzea da, urtetan ikastolen mugimenduan ardatz izandako auzolanaren politika eta balioa belaunaldi berrien artean indartzea.

Erlazionatuak