Astekaria

Azpiroz eta Karasatorre, goitik

Maider Betelu Ganboa

Aritz Munarriz lehen etxarriarra izan zen, seigarrena eta bigarren beteranoa.

Etxarri Aranazko ferietako 51. Mendira Joan Etorrian erraz gailendu ziren

Etxarriko ferietako igandean, urriaren 4an, Udaberri elkarteak antolatutako 51. Mendira Joan Etorria jokatu zen. 105 korrikalari zeuden izena emanda, eta goizeko 11:00etan abiatu ziren Etxarri Aranazko plazatik Hartzabalerantz, Bargako mendi puntara igo eta herrira jaisteko. Eguraldia lagun izan zuten, ateri eutsi baitzion. 10 km eta 570 m desnibela zuen probak, motza baino esplosiboa. Hasieratik erritmo oso azkarra ezarri zuten korrikalariek, Borda jatetxetik lehen pasatzen ziren korrikalariek bertan bazkaltzeko saria lortzen zutelako, akaso. Julen Errandonea eta Eneritz Karasatorre izan ziren azkarrenak.

Hiru ordu laurden pasata hasi ziren lehen korrikalariak helmugarantz gerturatzen. Aimar Azpiroz arruitztarrak eta Iñigo Lasarte lekunberriarrak lehia bizia izan zuten Bargara igotzen, 20 segundoko alde eskasa zutela, baina jaisterakoan Azpirozek alde polita atera, eta bakarrik iritsi zen helmugara, plaza betetzen zuten zaleen txalo zaparrada artean (46:53). Lasarteri ia 2 minutu atera zizkion (48:47), eta hirugarren Unai Bakedano iruindarra izan zen (50:02). Lehen sakandarra helmugara laugarren sartu zen Iraitz Goñi arbizuarra izan zen, probako lehen beteranoa (50:50). Olazagutia Urbasa eta Uharte Arakil Beriain Km Bertikalean bezala, Etxarri Aranatzen lehen sakandarraren saria jaso zuen Goñik. Lehen etxarriarra, Aritz Munarriz, seigarren sailkatu zen (51:32) eta bigarren beteranoa izan zen. 

Emakumezkoetan Eneritz Karasatorre etxarriarrak lasterketa bikaina egin zuen eta lehenengo aldiz etxeko proba irabaztea lortu zuen (58:55), iaz bigarren izan eta gero. Hunkituta iritsi zen helmugara. Guratz Azpiroz uitziarrak (59:56) eta Maite Beregaña uhartearrak (1:00:36) osatu zuten podiuma. Maite Beregaña lehen beteranoa izan zen, eta Maite Gomez etxarriarra bigarrena (1:01:56). 

Azpirozek eta Karasatorrek ez zuten 2001ean Juan Mari Garinek (42:50) eta 2022an Maria Ordoñezek (51:28) lortutako errekorra gainditzea lortu, baina pozarren zeuden. Azpirozek 23 urte ditu, Txikito de Arruitz korrikalari famatua zenaren biloba da, 2023an 23 urtez azpiko txapelduna izan zen eta 2024an txapeldunordea. Lesio batetik atera berri da. "Oso pozik nago, lehiaketaren martxa hartzen ari naizelako". Bost lasterketan aritu da, eta bostak irabazi.