Eneritz Karasatorre Araña korrikalari etxarriarrak 27 urte ditu eta 2019. urtetik ez du herriko proban, Mendira Joan Etorrian, hutsik egin. Iaz bigarren izan zen, eta, aurten, azkenean, xedea lortu du: garaipena. "Oso pozik" dagoela aitortu du.
Etxarri Aranazko Mendira Joan Etorrian noizbait ariko zinela zin egin zenion aitonari, eta horregatik hasi zinen mendi lasterketetan. 2019an animatu zinenetik, mundu honetan zabiltza.
Lasterketa hau berezia da familian, bere garaian osaba bertan aritzen zelako. 2018an aitonari esan nion Etxarriko lasterketan parte hartuko nuela, baina ezin izan nuen aritu, orkatilean nuen arazo batengatik. Handik gutxira aitona hil zen, eta 2019ko Mendira Joan Etorrian horregatik parte hartu nuen, aitonari zin egin niolako. Bere omenez hasi nintzen. Ordutik urtero aritu naiz lasterketa honetan, eta mundu honi lotuta.
Aurten bi garaipen lortu dituzu, apirilaren 11n Agoizko Mendi Lasterketa (14 km) eta urriaren 4ko Mendira Joan Etorria (10 km). Etxekoa irabazteak beste zapore bat izango du.
Bai, beste zapore bat. Zapore gozo bat.
Nahiz eta lasterketa luzeagoak gustatu, aurten lasterketa laburragoetan zentratu zara.
Entrenatzailea den lagun banekin ibiltzen naiz entrenamenduak prestatzen. Urte hasieratik lasterketa motzetan enfokatuko bagina, Mendira Joan Etorrian txapela lortzeko hobeto ibiliko ginatekeela ikusi genuen. Horrela egin genuen, eta horrela izan da.
Beraz, denboraldi honetako helburua Mendira Joan Etorria zen, argi eta garbi. Etxeko proba irabazteko arantza kendu nahi al zenuen?
Bai. Urtez urte nire denborak hobetzen ditudala ikusi dut. Iaz minutu baten aldearengatik bigarren geratu nintzen, eta minutu hori jaisten saiatu behar nuela erabaki nuen. Nahiz eta bigarren, hirugarren edo lehenengo sailkatu, gutxienez hobetu beharra nuela. Lasterketara zein korrikalari datozen, faktore garrantzitsua da hori, baina hala ere txapelaren bila joatea posible zela ikusi genuen, eta aurten horretara bideratu dugu lana, horretan zentratu gara.
"Hasieratik lehenengo joaten nintzen, eta presio hori, beldur hori izan nuen"
Lasterketa motzak oso azkarrak izaten dira hasieratik. Etxarrikoak, mendira iritsi arte, asfaltoan edo pistan nahikoa tartea badauka. Zein izan zen taktika? Borda jatetxearen paretik pasatzen diren lehenek bazkaria dute sari. Zu izan zinen lehen neska, beraz, oso azkar atera zinela agerikoa da.
Bai. Lasterketa honetan asfaltozko edo pistako tarte hori beti izan da nire ahulezia. Horregatik eremu hori asko entrenatu dugu. Lasterketan bai, topera hasi nintzen. Une batean burutik pasatu zitzaidan agian mendira iristerako pintxatuko nuela, baina hala ere topera hastera erabaki nuen, "ea nola bukatzen dudan". Eta ondo joan zen. Egia esan, beldurra nuen. Lehenengoa joaten nintzen hasieratik eta presio hori, beldur hori.
Benetan? Aurrean norbait dagoenean presioa ez al da handiagoa?
Ez ba! Bigarren zarenean badakizu lehena non dagoen eta zenbatera duzun. Hasieratik lehenengoa geratzea sekulako tentsioa da niretako. Nahiago dut bigarren joatea eta lehenengoa harrapatzen saiatzea.
Azkenean, garaipena nahiko eroso lortu zenuen.
Minutu pasa kendu nion bigarrenari, eta, egia esan, nahiko ondo aritu nintzen. Sufritzen, bai noski, baina nahiko eroso eta oso pozik.
Konpainia onean iritsi zinen helmugara, lagunarekin.
Entrenatzen laguntzen didanarekin, bai. Azken tartea elkarrekin egin genuen, eta gustura.
Hainbat sari lortu zenituen, txapelduna eta lehen sakandarra eta lehen etxarriarra izan zinelako. Eta Bordako bazkaria, jatetxe paretik lehena pasa zinelako.
Bai, sari asko izan ziren, eta hunkigarriena, txapela. Oso pozik eta eskertuta nago. Nola ospatu nuen? Etxean bazkaria egin genuen; badakizu, tabernarekin... Aurrerago ospatuko dugu, Bordako bazkarian.
Entrenatzen ari zaretela Etxarrikoen artean ohikoa da Bargara, Hartzabalera edo maiatzara igotzea. Zenbatero igo zara Bargara?
Udan astean bitan igotzen nintzen Bargara, astean behin edo bitan asfaltoa entrenatzen nuen eta gero gimnasio pixka bat egiten nuen, hanketan indarra hartzeko. Eta listo.
Hemendik aurrera, zer?
Opor txiki batzuk hartuko ditut, atseden hartzeko. Aurtengo denboraldia bukatutzat eman dut eta hurrengo urtean ikusiko dugu zer egiten dudan.
Etxarriko proba irabazita, lasterketa laburren bide horretatik jarraituko duzu edo luzeetara pasako zara?
Egia esan, ez dakit. Aurten gauzak ongi atera zaizkit. Agian beste urtebete jarraituko dut laburretan eta gero aldatu... Ez dakit, ikusiko dugu. Abenduan 2027ko lasterketen datak aterako dituzte eta hor erabakiko dut. Lasterketa asko daude eta adi egon beharra dago.