Afizionatuen mailako Josu Igoa Lopez de Agileta pilotariak (2002, Etxarri Aranatz) ibilbide polita du. Aurrelaria 2022an Diario Vasco Torneoko eta GRAVNI-ko txapelduna izan zen, 2024an Nafarroako Binakako txapelduna, 2025ean Nazioen Ligako txapelduna eta Buruz Buruko Kopako txapeldunordea, eta 2026an Errege Kopako txapeldunordea eta Garfeko LENC tornoko Binakako txapelduna, beste lorpen batzuren artean. Urriaren 15etik 24ra Argentinan eta Uruguayn jokatutako Munduko Pilota Txapelketetan borobildu du palmaresa, eskuz binakako munduko txapeldunordea izan baita, zilarrezko domina.
Berriki jokatutako Euskal Pilota Mundialetan borobildu duzu zure palmaresa.
Pilotari batentzat egon daitekeen saririk handiena mundial bat jokatzea da, eta oso kontentu nago aurten lortutakoarekin. Mundialetara heltzeko lan handia egin behar izan dugu urte honetan zehar, entrenamendu gogorrak, bai fisikoak eta baita frontoian egindakoak ere, baina merezi izan duela esan dezakegu.
Afizionatuen lorpenek meritu bikoitza dute, ez zaretelako pilotari profesionalak eta zuen egunerokoan lanean edo ikasten zaudetelako. Enpresa bateko informatikaria zarenez, entrenatzeko denbora ateratzea ez da batere erraza izango.
Hala da, hemen gehienak lanean gaude eta entrenatzeko denbora atera behar izaten dugu. Mundialetarako taldean geundenak martxotik egon gara entrenamendu bereziak egiten; lanetik atera eta zuzenean entrenatzen egon gara. Ez da erraza izan, baino aurrera atera dugu.

Nafarroako Pilota Federazioan zaude federatuta, Irurtzun klubeko fitxarekin. Nafarroan federatuta zaudeten pilotariok Espainiako selekzioarekin jokatzen duzue hala hautatzen bazaituzte. Aurten lehenengoz Euskal Selekzioak parte hartu du Mundialetan, eta orain arte zuen taldekide zirenak arerio izan dituzue Mundialetan. Arraroa izan al da zuendako?
Gurekin jokatzen eta entrenatzen egon diren lagun hauek, Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian bizi direnak, Espainiako selekziotik Euskadiko selekzioan jokatzera pasa dira. Gure aldetik poz puntu bat sentitu dugu, euren aurka jokatu arren, Euskadiko selekzio bat izatea beti delako aberasgarria. Eskuz Binakako finalean irabazi gintuzten, baina hori beste kontu bat da. Beraiengatik poztu gara, Euskadiko selekzioa sortu delako.
"Martxoan hasi zen Mundialetarako hautatze prozesua. Gogorra izan da, baina merezi izan du"
Espainiako selekzioan gehiengo nabarmena nafarrak zineten, 33 pilotari, zazpi hautatzaile eta bi epaile, datu oso esanguratsua da. Noiz jakin zenuten Mundialetarako hautatuak zinetela?
Aurretiazko hautaketa martxoan hasi zen. Eskuz Binakakorako lau aurrelari eta lau atzelari eta Buruz Bururako lau pilotari hasi ginen entrenatzen, eta horietatik erdia hautatuko zuten. Martxotik uztailera arte aritu ginen prestatzen; entrenamendua baino, lehiaketa izan zen, hobekien nor zegoen ikusteko. Mundialak jokatu baino hilabete bat lehenago azken hautaketa egin zuten eta hor esan ziguten Argentinara joango ginela.
Uda guztia prestakuntzan, beraz.
Bai. Mundialeko entrenamendu horiek Garferekin jokatu beharreko partidekin uztartu behar izan nituen, eta lanarekin. Gogorra izan da, astez eta astegunetan ere partida asko genituelako eta atseden hartzeko denbora handirik izan ez dudalako. Horrek ere prozesu hau gogortu du. Bestalde, fitxa Irurtzun klubarekin dut, eta Irurtzun ordezkatuz jokatzen ditut gainontzeko txapelketak, baina udan Irurtzunek askatasuna ematen digu gainontzeko hitzorduetara heltzeko; bestela, ezinezkoa litzateke. Irurtzunen aldetik beti erraztasun handiak izan ditut beste bi alderdietan zentratzeko.
Mundialetan egoitza Argentinan zenuten.
36 metroko frontoian jokatu genuen pilotariak Buenos Airesko hotel batean egon ginen kontzentratuta, eta 54 metroko frontoikoak, zestara eta erremintara jokatzen zutenak, Uruguayn. Hura bukatuta, Argentinara etorri ziren, guregana.
Argentinara iritsi eta berehala hasi al zineten lehian?
Txapelketa hasi baino bizpahiru egun lehenago joan zinen Argentinara, "jet lag"-ari, ordu aldaketari eta bidaiako palizari buelta emateko, 12 orduko hegaldia izan baitzen. Gorputzari buelta ematen hasi ginenean entrenamendu bat egin genuen Argentinako frontoia nolakoa zen ikusteko. Nahiko antzekoa zen, frontoi mantsoa baina jokatzeko polita. Urriaren 15ean hasi genuen txapelketa.
"Poz puntu bat sentitu dugu, Euskadiko selekzio bat izatea beti aberasgarria delako"
Eskuz Binakako taldean zuen hautatzaileak lau pilotari zituen eskura bikotea sortzeko. Mundialetan jokatzeko aukera izan al zenuen?
Posizio bakoitzeko bi pilotari joan ginen. Hasierako ligaxkako bi partida jokatu nituen, Corteskoa den Javier Cuairan atzelariarekin bikotea osatuta. Frantziaren kontrakoan, bi jokoak irabazi genituen. Bukaera aldera partida zaildu zitzaigun, arerioak finak zirelako, baina irabaztea lortu genuen. Euskadiren aurkakoan, aldiz, Azketaren eta Garmendiaren kontra ezin izan genuen garaipena lortu. Eskuz Binakako finala Espainiako selekzioak eta Euskadikoak jokatu zuten, Canabal-Apeztegiak eta Lizeaga-Elorzek. Partida oso lehiatuan, Euskadik irabazi zituen bi jokoak (10-7 eta 10-9).

Beraz, Eskuz Binakakoan zilarra ekarri duzue Munduko Pilota Txapelketatik. Mundialean egindako lanarekin kontentu al zaude? Zure maila eman zenuela uste al duzu?
Mundialetako hautatze prozesu osoa kontuan hartuta, lehendabiziko entrenamenduetan ez nuen nire maila osoa eman, partida dezente nituelako jokoan eta gorputzean paliza handia nuelako. Ez nengoen nire mailarik onenean, baina gutxika ongi jartzen hasi, eta azken entrenamenduetan nire bertsiorik onena erakutsi nuen. Azken txanpa horretan ongi lehiatu nintzen. Mundialetan, aldiz, ondo hasi ginen Frantziaren aurka, baina selekzioan birus bat sufritu genuen, gripe antzeko bat, eta batzuk gaixotu ginen. Hala ere, txapelketa bukaerara ongi iritsi ginen eta ez dago aitzakiarik. Beti irabaztea nahi izaten da, baina benetako saria han egotea eta esperientziaz disfrutatzea da, eta txapelketa ona egin dugula esango nuke. Eskuz Binaka bigarrenak sailkatu ginen, eta egindako lanarekin kontentu nago.
Sailkapen orokorrari begira Espainiako selekzioak irabazi ditu Argentinako eta Uruguayko Euskal Pilota Mundialak, hemezortzi domina lortuta: urrezko zazpi, zilarrezko bederatzi eta brontzezko bi.
Beste modalitateetako pilotariekin harreman handia egin dugu, oso harreman ona, eta nik uste dut horren isla dela lortu dugun sailkapen orokorreko garaipena. Alde horretatik, kontentu.
Esperientzia polita, ahaztezina den horietakoa?
Zalantzarik gabe! Bizitzan behin tokatzen den horietakoa eta ahal den gehien aprobetxatu beharrekoa.
"Mundialetatik bueltan Nafarroako Binakako Txapelketan hasiko naiz Aaron Arbizurekin"
Zein itxura hartu diozu Argentinari? Nolakoa da?
Jendea oso jatorra eta irekia da, eta lurralde oso aberasgarria eta handia da. Iguazuko ur-jauzietan egon ginen, eta hori da Argentinatik ekarri dudan irudia, ur-jauzi erraldoi horiek. Ikaragarria.
Mundialetatik bueltan atseden hartuko duzu edo Nafarroako Txapelketetan murgilduko al zara?
Atseden pixka bat gehiago izatea gustatuko litzaidake, buelta gogorra izan delako eta egindako ahalegin horri guztiari buelta ematea asko kostatzen delako, baina ez dut atseden asko izango, hurrengo astean Nafarroako Binakako Txapelketan hasiko naizelako Irurtzun ordezkatzen. Betiko bikotearekin ariko naiz, Aaron Arbizu etxarriarrarekin.
Helburua txapelagatik borrokatzea al da?
Ez dakit ba, bikote oso indartsuak baitaude.
Zuek ere halakoak zarete.
Gose puntu batekin gaude, eta paper ona egiten saiatuko gara. Azkeneko errondetan sartzen bagara, arriskutsuak izango gara eta txapelketaren bila joango gara.
