Nafarbidek badu zuzendaria

Guaixe 2024ko api. 26a, 11:19

Federico Colmenar Carro. Nafarbide enpresa publikoko zuzendari kudeatzailea. NAFARROAKO GOBERNUA

Nafarroako Gobernuaren sozietate publiko berria Federico Colmenar Carrok zuzentzen du martxoaren akaberaz geroztik. Autobideetako bidesariak kudeatuko ditu enpresa horrek. 

Nafarbide, el Camino de los Navarros, SM sozietate publikoaren zuzendari kudeatzailea Federico Colmenar Carro da. Hala jakinarazi zuen Foru Administrazioak martxoaren 27an. Nafarroako Gobernuak sozietate hori 2023ko garagartzaroaren 28ko bilkuran sortu zuen, Nafarroako Enpresa Korporazio Publikoaren bidez. Otsailaren 19an eratu zen sozietatea notarioaren aurrean. Juridikoki, sozietate mugatua da, korporazioaren barruan dago eta Lurralde Kohesiorako Departamentuari atxikita dago.

Bere Administrazio Kontseilua osatzen dute: Oscar Chivite Cornago Sozietateko presidenteak, Jose Luis Arasti Perez sozietateko lehendakariordeak eta Jorge Aleixandre Micheo idazkariak. Kontseilari delegatuaren izendapena Pedro Andres Lopez Verari dagokio. Bokalak honakoak dira: Patricia Fanlo Mateo, Berta Miranda Ordobas eta Pedro Jose Cebrian Leyun.


Enpresa publiko berriko kontseilua. NAFARROAKO GOBERNUA

Sozietate publikoa Nafarroako Errepide Sarearen mantentze, kontserbazio eta kudeaketa beharrei erantzuteko xedearekin hasi zen. Izan ere, Nafarbidek Nafarroako Foru Komunitatetik pasatzen diren edukiera handiko bide-zatiak mantendu eta kudeatuko ditu, ibilgailu astunei erabileragatiko tarifikazioa aplikatuz: A-1, A-10, A-15 eta A-68 autobietakoak eta prestazio handiko N-121-A errepidekoak eta horien instalazioak, bai eta azpiegitura horiekin lotutako edozein motatako zerbitzuak ere.

Zuzendari kudeatzaileari dagokionez, Colmenar Eraikuntzako ingeniaria da, baita Eraikuntzako Zientzia eta Teknologietako Gradutua ere, Ramón Llull Unibertsitatean (2011), eta Arkitekto Teknikoa, Burgosko Unibertsitatean (1997). Eraginkortasun energetikoari, laneko arriskuen prebentzioari eta trebetasun sozialei buruzko prestakuntza ere badu, besteak beste.

Ibilbide profesionalari dagokionez, 2021etik Kantabriako Gobernuko karrerako funtzionarioa da. Gainera, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Komunikazio eta Lidergo Politikoko graduondoko tutorea izan da, peritu judizial gisa jardun du, eta erantzukizuneko hainbat postu bete ditu eraikuntzaren sektorean.