Foru administrazioak Irurtzungo Trinitate kalearen 19an 7.301,77 metro karratuko azalera du. Han, besteak beste, Errepideen Mantentze Zerbitzuaren kamioiak eta istripua izan duten ibilgailuak gordetzen ditu. Irurtzungo Udalak lur saila herriarendako nahi du, urbanizatu eta herrian txertatzeko. Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, Errepideak Zaintzeko Zentroaren eta Nafarbide enpresa publikoaren egoitza Etxeberriko markesinaren eta gatzontziaren ondoan jarri nahi ditu.
Oihana Olaberria Jaka alkateak azaldu duenez, “Nafarroako Gobernuak gaia geldirik du. Aurtengo aurrekontuan ez du sartu lanak egiteko diru sailik. Gaiari jarraipena egiteko Bernardo Ziriza Perez kontseilariarekin eta herri lanetako zuzendari nagusiarekin egon ginen eta, esan zigutenez, 2023rako aurreikusten dute lanekin hastea”. Beraz, Lurralde Kohesiorako Departamentua proiektua lantzen ariko da aurten.
Arakilgo Udalak Nafarroako Gobernuari proposatu dio Etxeberri parean egin beharrean Etxarrengo industrialde berrian kokatzea azpiegitura. “Kokapen askoz hobea iruditzen zaigu. Handia da, loturak eta beharrezko guztia eginak daude. Abantailak ikusten dizkiogu aukera horri. Proposamena aztertu behar dute. Kokapenaren eta proiektuaren inguruan zerbait aurreratzen dutenean hots eginen dutela esan ziguten. Eta zain gaude”.