Hiriberriko Kontzejuak bere egoitzan dagoen erabilera anitzeko gelan berogailua jarriko du aurten. Jose Luis Legarra kontzeju-buruak azaldu digunez, gas bidezko berogailua izanen da. Txitera elkartearen ondoan dagoen biltegitik hartuko dute. “Kontsumoa oso txikia denez, ez du bestelako aukeren alde egitea merezi” argitu du Legarrak. Berogailua udazkenerako jarrita egotea da asmoa. Inbertsio hori ordaintzeko Hiriberriko Kontzejuak Nafarroako Gobernuak erabilera askeko funtsetik aurten emanen dizkion 24.218,55 euroak baliatuko ditu.