Villanueva klaretar misiolaria beatifikatuko dute bihar

Guaixe 2017ko urr. 20a, 12:39

Julian Villanueva Olza klaretar frailea.

Gerra Zibilean fusilatu zuten. Bartzelonako Sagrada Familia elizan beste 108 klaretarrekin batera beatifikatuko dute.

Akaberara arte misiolari. Lelo hori aukeratu dute bihar eginen den beatifikazio elizkizunerako. 1936an, Gerra Zibilean eraildako 109 misiolari klaretar beatifikatuko dituzte. Haien artean dago Julian Villanueva Olza hiriberriarra. Beatifikazio mezaren buru Angelo Amato kardinala izanen da, Santuen Kausetarako Kongregazioko prefektua. Baina programa bezperan, gaur, hasiko da, 19:00etan eginen den otoitz-gaubeilarekin. Misiolari klaretarren ordenako buru Mathew Vattamattamek zuzenduko du. Biharko meza 10:00etan izanen da eta, hura bukatuta, 14:00etan, adiskidantza bazkaria izanen da martirien senideendako eta klaretarrendako. Esker-emate eukaristiarekin despedituko da beatifikazioen programa, igandean, 11:00etan. Juan Jose Olmella kardinala buru izanen da.

1948an hasi zen klaretar horien beatifikazio prozesu hori, Frantzisko aita santuak joan den urteko abenduaren 22an onartu zuena. Beatifikatuko dituztenetako 102 Katalunian hil zituzten, horregatik aukeratu dute Bartzelona ospakizunerako. Aurretik Gerra Zibilean eraildako beste hiru gizonezko sakandar beatifikatu dituzte: Bernardino Irurzun Otermin domingotar fraide egiarretarra 2007ko lastailaren 28an eta Saturnino Pascual Jaunsaras Zabaleta irurtzundarra eta Lorenzo Lizasoain Lizaso irintarra fraide maristak 2013ko lastailaren 13an.  

Biografia
Julian Villanueva Olza 1869ko irailaren 11n jaio zen Hiriberri Arakilen. Mikaelaren eta Marianoren (nekazariak) semea jaio zen egun berean eraman zuten San Martin elizara bataiatzera. Sendotza edo konfirmazioa Jose Oliver y Hurtado gotzainak eman zion 1878 agorrilaren 27an. 1897eko apirilaren hasieran, 28 urterekin, Cerverako nobizio-etxean sartu zen. Abitu-hartzea apiril hartako 19an egin zuen. Probaldiko urte betea egitean zin-hitzak esan zituen, 1898ko apirilaren 11n, Pazkoako bigarren egunean.

Lanerako gaitasuna zuen, konfiantzazkoa, oso espirituala, mortifikatua eta txantxazalea. Nahikoa eskolatzea bazuen. Cerveran sukaldari izan zen. 1900 urte hasieran Txileko hiriburuan zen, Santiagon. Bost urte han egin eta Antofagastara bidali zuten, Txile iparraldeko kostaldeko hiri batera. 1911n Valparaisora (Txile erdialdeko kostaldean) destinatu zuten eta handik Curicora (Santiagotik hegoalderako barnealdeko hiria).

Ameriketatik 1921ean bueltatu zen, Cerverara. Hiru urte han eman ondoren Vic-era lekualdatu zuten. Hiru urte egon ondoren Solsonako klaretarren komunitatera bidali zuten. 1931n Vicen zen, eta 1932an Solsonan. Azken destinua izan zuen hura eta zapatari ardura izan zuen klaretarren etxea itxi zuten arte.

1936ko garilaren 21eko arratsean etxetik kanporatu zituzten eta Ramon Viladrichen Viladot mansiara joan zen, Birchsen, hango kaperan babestu ziren beste klaretar batzuk ere. Egunero mezara joan eta jauna hartzen zuen. Arrosarioaren zati batzuk errezatzen zituen eta taldean egiten zuenean belauniko egiten zuen. Komunitateak ezarritako errukizko aktoak egiten zituen beste misiolariekin batera. Debozio partikularrak egiten zituen ere. Haien atzetik zebiltzanak masoneriaren eta komunismoaren presiopean ari ziren elizaren etsaitzat zituen. Erretiro egun batean martiritzaz hitz egin zuen. Halakorik izanez gero Jaunak modu bereziren batean lagunduko zuela zioen Villanuevak. Ez zen heriotzaren beldur.

Masian zela, garbiketan, egurra mozten eta larrainean laguntzen aritu zen. Miliziakoek Birchseko masietan bisitak egin zituzten. Agorrila erdialdean hiruzpalau milizianok kaperako aldarea eta irudiak suntsitu zituzten. Larrainetik pasatu zirenean han zen Villanueva beste lauzpabost ikaslerekin. Azken horiei zein ziren galdetu zieten eta eultzia egiten ari zirela erantzun zuten. Villanuevak erlijio-gizona eta nafarra zela erantzun zien. “Hil nazakezue, baina nire desira martiria izatea da. Jainkoaren aurrean aurrez-aurre egonen gara”. Miliziarren buru eta hiriberriarraren arteko eztabaida izan zen. Villanuevak jakinarazi zien beti bere lanagatik bizi izan zela eta haiek zeramaten oinetakoak berak eginak zirela gaztigatu zuen. Cerverara joan behar zuten ikasle berriendako aurretik oinetako pila eginak zituen eta etxea uztean milizianoek eureganatu zituzten.

Gertaera horren ondoren, inguruetako masietan zeuden klaretarrak elkartu ziren. Villanueva Roteseko masiara joan zen. Solsonako komitekoen bisita jaso zuten eta misiolariak basora ihes egin ahal izan zuten. Basoan hainbat egun eman zituzten, egoera lasaitu zain. Villanueva gogoz zegoen, baina martxan ezin segituz. Juan Codinach nagusiak Viladotera bueltatzeko agindu zion. 1936ko irailaren 1eko iluntzean iritsi zen. Ordu bat beranduago iritsi ziren hura atxilotzeko.

Ihesbiderik ez zuela ikusita, ohean sartu eta etxekoek gaixo plantak egiteko eskatu zioten. Modu txarrean atera zuten etxetik, errepidean atxilotuta zituzten batzuk zein ziren argitzeko aitzakiarekin. Han zegoen ikasle bat bere burua Villanuevaren eskaini zuen, alferrik. Bidean kolpatu eta iraindu egin zuten. Sutik 2 km-ra dagoen cal Vendrellko zelaira eraman zuten, Pinósera doan errepide ondoan. Biluzarazi zuten eta bere hobiak zulatzeko agindu zuen. Arrosarioak eta gurutzea bueltatzeko eskatu zituen eta eman zizkioten. Belauniko errezatu zuen. Jainkoaren alde bizia gogotsu ematen zuela eta bere hiltzaileak barkatzen zituela esan zuen. 1936ko irailaren 1ean, 22:00etan Sun (Lleida) fusilatu zuten, 67 urte egiteko 10 egun falta zituela. Hil zen tokian egurrezko gurutzea jarri zuten, izen abizenekin batera zioena: hemen hil zen bere fede katolikoa predikatzen.

Erlazionatuak

Etzi bi beato berri

Guaixe 2013 urr 11 Irañeta   Irurtzun