1. Imanol Erbiti Taldea osatzen duzue Erbiti txirrindulariaren Hiriberriko lagunek.
Imanol Hiriberrikoa da eta herriko lagun talde batek noizean behin laguna ikusteko aitzakiarekin bidaiak egiten ditugu, txirrindularitza pixka bat ikusten dugu, kirol pixka bat egiten dugu eta lekuak ezagutzen ditugu. Oporrak pasatzen ditugu horrela. Imanolen lagunak izateaz aparte txirrindularitza gustuko dugu, eta oporrak aprobetxatuz kirol honetaz gozatzera joaten gara.
2. Erbitiren 9. tourra da. Bederatzi urteetan joan zarete bere atzetik?
Urtero ez. Baina bai egon gara gehienetan. Orain ez dakit esaten zenbatetan hitz egin dugun. Lehendabizikoan egon ginen eta ordutik urtero zerbait egiten saiatzen gara. Tourrean Pirinioetan egon gara, ez gara urrunago joan, beste lasterketa batzuetan bai.
3. Zenbat probatan egon zarete Erbiti jarraitzen?
Vueltan egon gara: Astuariasen hiru alditan eta Madrilen Navacerrada inguruan egon ginen. Hiru alditan Flandrian egon gara bertan egiten diren lasterketetan. Aurten ere egon ginen Flandriako Tourrean. Aitzakia berberarekin, Aste Santuko oporrak ziren eta aprobetxatu genituen hara joateko.
4. Asteartean iritsi zen Tourra Pirinioetara eta zuek ere han egon zarete.
Asteartean Cap de Long lakuan egon ginen, eta ez genuen etapa ikusi. Txirrindularekin ibilbidetxo bat egin genuen. Asteazkenean bai batu ginen Tourrera. Saint-Lary-Soulan mendatean ikusi genuen Tourra. Oso ongi joan zen, jende asko baina arazorik gabe, eta giro polita zegoen. Atzo zuzenean Tourmaletera joan ginen eta ez genuen etapa ikusi, nahiago izan genuelako Tourmaleten lekua hartu. Beraz, gaur Tourmaleten egongo gara. eta larunbatean Senpereko erlojupekoan egongo gara.
5. Eta nola ikusten duzue Erbiti?
Guk beti bezala ikusi dugu, eta bera bere lanean ongi. Taldekideendako betiko lanean. Emaitzak ez dira oso onak izaten ari taldearendako, baina gu berarekin pozik gaude. Bere lanarekin pozik eta hori da garrantzitsuena. Txirrindularitza beste hainbat kirolekin alderatuta desberdina da, emaitza ez da garrantzitsuena. Profesionaletara pasa zenetik beti egon da besteendako lanean, eta normala da hori delako bere lana. Eta bikain egiten du. Munduko talderik onenetariko batean dabil eta nazioartean daukan errekonozimiendua horrela lortu du. Guk lagunak garen aldetik pena pixka bat ere badugu, bere aukerak oso urriak izan direlako urtean zehar. Egia da gustuko izango genukeela berak bere aukerak izatea. Adibidez iparraldeko klasiketan, Belgikan eta abarretan, taldeak ez dauka lider sendo bat eta hor libreago ibiltzen da. Hor oso emaitza onak lortu ditu. Berak aukera duenean emaitza onak atera ditu eta holakoetan ongi ospatu dugu ere.
6. Txirrindularitza oso kirol gogorra da, are gehiago Tourra. Erbitiren lana laguntzea da, izate moduan ere islatzen da?
Oso gogorra da. Esaten diogu umila dela, batzuetan umilegia da. Duela gutxi geunden orain bezala eserita eta mezu bat bidali zigun galdetuz ea ongi geunden, etapa non ikusiko genuen, zer moduz genbiltzan... Kuriosoa da nola bera Tourrean murgilduta dagoen, munduko lasterketa gogorrenetarikoan, eta arduratu zen gu ongi geunden jakiteaz. Txirrindularitza munduaren kanpo ere umiltasun hori dauka, eta gurekin oso atentoa da. Gure gainean egoten da. Txirrindularen gainean bere liderrak laguntzen dituen bezala lagunak bizikletatik kanpo ere zaindu egiten ditu.
7. Beraz, zuen laguntza eskertzen du.
Bai, oso eskertua da. Eskertuegia. Gogoratzen dut egon ginenean duela pare bat urte Vueltan. Aubisquera joan ginen eta bero ikaragarria egiten zuen. Imanol mendate gainera igo zen eta gu helmugatik 2 kilometrotara geunden. Bera igo zen eta gero jaitsi zen guri ura, freskagarriak, janaria eta abar ekartzera. Lanean jarraitzen zuen. Bere taldekideak izango bagina bezala gu ere hornitu gintuen janariz eta edariz.
8. Erbiti ikustera joaten zarete, baina berarekin egoteko aukera duzue?
Bai, saiatzen gara berarekin elkartzen. Etaparen baten amaieran hotelera gerturatzen gara eta nahiz eta txirrindulariek etapa amaituta ere lan luzea duten masajeekin, errekuperazioarekin eta abarrekin beti dauka unetxo bat gurekin egoteko eta lasterketaren eromen horretatik ateratzeko. Beste gauza batzuei buruz hitz egiteko. Eta gure animoak bertatik bertara emateko.
9. Txirrindularitza gustuko duzue, baina Tourrean sortzen den giroa ezaguna da. Giroagatik joaten zarete ere?
Nire ustez Tourreko giroa ez da polita. Oso masifikatua egoten da. Beste txirrindularitza lasterketa batzuetan batzen den jendea bai da txirrindularitza gustuko duen jendea. Tourra askoz gauza handiagoa da eta jende ugari ikusten da ez dena txirrindularitza zalea, baizik eta gauza handi hauen zalea dena. Azkenean modetara batzen den jendea ere bada, eta mendatean milaka eta milaka pertsona biltzen dira. Publiko handia daukaten kirol probetan sortzen den giro hori desberdina da, espektakulu puntu hori dauka. Eta horrek askotan giroa kaltetzen du. Tourrean txirrindularien ondoan korrika ibiltzen direnak ikusten ditugu, mozorrotutak daudenak... Lasterketarekin zerikusi gutxi daukan jende asko biltzen da. Eta azkenean arazoak sortzen dira. Aurten Alpeetan ikusi dugu hainbat arazo sortu direla. Alde horretatik Tourrean giroa ez da onena, baina, beno, guk gurea daukagu eta gure giroa sortzen dugu. Baina, Flandriako lastertetan edota Italiako Giroan sortzen den giroa askoz erakargarriagoa egiten zait.
10. Pirinioetan Euskal Herriko jende asko joan ohi da. Gainera, larunbateko etapa Senpere eta Ezpeleta artean izanen da. Aldarrikapenerako lekua dago?
Lehen Euskaltel eta ESAIT zeudenean bai egoten zen mugimendua eta aurten Senpere eta Ezpeleta artean egonen den erlojupekoan egongo da ere. Baina, bai, Pirinioetan Euskal Herriko lagun pila egonen da. Nik dakidala ez da gune zehatzik izanen. Euskaltel desagertu zenetik eta ESAITek bere lana gutxitu zuenetik ez dago. Lehen muntatzen zituzten karpak eta aldarrikapen giro hori egoten zen Pirinioetan. Ikusi genuenagatik aurten Senperen ari dira kanpaina egiten munduari ezagutzera emateko Frantziako Tourra ez dela Frantzian amaituko, Euskal Herrian amaituko dela. Igandean Pariseko etapa izanen da, baina sailkapen nagusiko lehia eta azken etapa garrantzitsua Senperen izanen da. Mezu horrekin kanpaina bat dago: Tourra Euskal Herrian dagoela aldarrikatzeko. Kartel ugari prestatzen ari dira eta irudietan, larunbateko etapan, ikurrina ugari ikusiko ditugula uste dut.
11. Tourra eta denboraldia amaituta, ospakizunik egiten duzue?
Bai, saiatzen gara. Berak oso opor gutxi izaten ditu, urrian bi edo hiru aste hartzen ditu bizikletarik gabe eta saiatzen gara afariren bat egiten. Azkenean urte osoan asko zaindu behar izaten du bere burua, elikadura eta entrenamenduak direla eta. Eta urria aldera saiatzen gara afari erraldoi bat egiten Arakilen, berak egindako lana eskertzeko ospakizun moduko bat.