Hiriberri Arakilgo Kontzejuak 235.713,78 euro (BEZ barne) inbertituko ditu Arakil Ibai gaineko zubia konpontzeko. Lana bere gain hartu nahi duen enpresak garilaren 8ra arteko epea du bere eskaintza aurkezteko. Kontratua eskuratzen duen enpresak hiru hilabete izanen ditu obra egiteko.
Zubiaren egiturak kalte handiak ditu, eta horrek zubiaren segurtasuna murrizten du. Zubiak bi begi ditu eta aurrenekoa, herritik gertuen dagoena, tinpanoa eta gangaren pita askatzen ari dira eta arkua deformatzen ari da. Horretaz aparte, garrantzi gutxiagoko kalte iraunkorrak daude, esate baterako: piezak galtzea, sustraitutako landaredia, hezetasunak eta orban ilunak harriaren gainazalean. Bigarren begiko ganga, oro har, egoera hobean dago, eta ez da kalte handirik antzeman.
Zubiaren deskribapena
Zubiaren jatorrizko egitura XI-XII. mendekoa dela dirudi. Arakil ibaiaren bi ertzetan kokatutako bi estribu ditu, erdiko pila bat eta bi begi edo ganga beheratu. Egiturazko elementu guztiak harrizkoak dira.
Egituraren luzera, guztira, 24,80 m-koa da, estribuen kanpoko aldeen artean neurtuta. Herritik gertuen dagoen begiak 10 m-ko argia du estribuaren eta pilaren kanpoko aldeen artean, eta bigarren begiak, berriz, 11,60 m-koa. Pilaren zabalera, egituraren luzetarako ardatzaren noranzkoan, 3,20 m-koa da.
Zubiaren plataformaren zabalera 4 m-koa baino ez denez, ezin da bi zirkulazio-errei hartu. Galtzadaren bi aldeetan, metro bateko altuera duten metalezko baranda bana dago, euste-sistema gisa.
Pasabidea oinplanoko trazadura zuzena da, baina egituraren altxaera argi eta garbi alomatua da, eta punturik altuena pilaren gainean dago; estribuen gainean, berriz, kota txikiagoa dago.
Kontzejuak 1972an zubia zabaltzeko lanak egin zituen. Horretarako jatorrizko petrilak kendu eta metalezko barandak jarri zituen, eta zoruan porlana jarri zuen.