Kabaretak ateak zabalduko ditu Ihabarren

Guaixe 2015ko abu. 22a, 10:17

Gaur, 22:00etan, eta bihar, 21:30ean, beheko iturriaren inguruan ihabardarrek antzezlana jokatuko dute.

Festen aurreko asteburuan, aurten zortzigarren aldiz, Ihabarko antzerki tailerra eszenara aterako da. Herrian bertan. Aurten Ihabar Kabaret lana antzeztuko dute. Jon Barbarin Lisarri zuzendariak azaldu digunez, “guk sortutako istorio bat da. Gidoi txiki bat egin dugu eta haren baitan esketx bilduma bat daude”. Barbarinek aurreratu digunez, zeremonia maisua izanen da eta hark emanen die bide kabaretean gertatuko diren esketxei.

Publiko guztiendako antzezlana da Ihabar Kabaret. Barbarinek aurreratu digu koreografia eta musika asko izanen duela: “obrak testu gutxi eta gorputz lanketa gehiago du. Azken horri eman diot garrantzia aurten”. Beraz, aurreko zazpi obrekin ezberdina da Ihabarko antzerki tailerra prestatzen ari den obra; “sorkuntza gehiago du”. Eszenografiari dagokionez, kabareta gogoraraziko duen ate moduko bat eta murala izanen dute. Sorpresaren bat ematen ahaleginduko direla ere esan digu zuzendariak.

Ihabarko beheko iturriaren inguruan jokatuko da antzezlana. Han bertan ari dira entseatzen garilaz geroztik; astelehen eta asteazkenero, bi orduz. Barbarinen esanetara 14 antzezle ari dira (6 gizon eta 8 emakume), bi uhartear ez beste guztiak ihabardarrak.

Erlazionatuak