Zebrabide goratua herri erdian

Guaixe 2020ko aza. 12a, 10:09

Kontzeju-etxearen eta Batasunaren Iturria plaza lotzen ditu zebrabide goratuak.

Kale Nagusiaren ekialdean eta mendebaldean zebrabide goratu bana izanik ere, ibilgailuak abiadura handian pasatzen zirelako zebrabide goratua jarri du kontzejuak. 10.000 euroko inbertsioa egin du.

Ekialdetik mendebaldera, edo alderantziz, Ihabar zeharkatzeko, Kale Nagusitik joan behar da. Autoak, autobusak, kamioiak, txirrindulariak… ibilgailu guztiak abiadura handian pasatzen ziren herritik. Eta sustoren bat baino ezer larriagorik pasa aurretik Ihabarko Kontzejuak erabaki du ibilgailuen abiadura horri muga jartzea. Horretarako, kontzeju etxearen atearen paretik Batasunaren Iturria plazara doan zebrabide goratua jarri du. Lanak duela hilabete egin ziren eta dagoeneko ihabardarrek sumatu dute aldea. 

Oinezkoen segurtasuna bermatzeko eta ibilgailuen abiadura mugatzeko beste hiruzebrabide goratu daude Ihabarren 2011tik. Bata Kale Nagusian dago, Hiriberri aldera eta bestea San Juan kalean, trenbide azpiko zubitik 80 bat metrora. Azken horrek autobiatik edo dermiotik herrira sartzen diren ibilgailuen abiadura mugatzea du helburu. Azkena, Irañeta aldera dago. Ibilgailuek herrian hartzen duten abiadurarekin aspaldi daude kezkatuta ihabardarrak. Mende hasieran Ihabarko Kontzejuak bere kabuz herri sarreretan abiadura moteltzeko porlanezko hiruna lerro jarri zituen. Baina araudia betetzen ez zutela eta Nafarroako Gobernuak haiek kendu arazi zituen 2003an. Hurrengo urtean, dagoeneko Ihabarko Kontzejuak Nafarroako Gobernuari eskatu zion zebrabide goratuak jartzeko. 

Aurrekontua 
Ihabarko Kontzejuaren aurtengo inbertsio handiena da zebrabide goratua jartzea. Horrekin batera, baso itxiturak berritu ditu. Joan den urtean, berriz, abeltzaintza azpiegituren hobekuntza lanak egin zituen. Batetik, Asa, hilerria eta herri-lurretarako sarbide nagusia diren bideak hobetu zituzten porlanezko zorua jarriz. Bestetik, Ilarrazuko herri-larreetan aziendarendako aska jarri zuen. Lanek 100.000 euro (BEZ kanpo) inguruko kostua izan zuten.