Ihabar, bi egun ihoteei emanda

Guaixe 2024ko urt. 26a, 09:44

2023ko Ihabarko inauteriak. ARTXIBOA

Otsailaren 3an eta 4an, larunbata eta igandea, moxorroak, hartza, Aitezarko eta Landarra aterako dira Ihabarren.

Ihebardarrek bi egunez ospatuko dituzte inauteriak: otsailaren 3an eta 4an, larunbata eta igandea. Larunbatean estreinakoz aterako dira aurten moxorroak kalera. Jantzi txuriak eta koloretako zintez apaindutako txanoa janzten dute moxorroek, eta esku batean erratza izanen dute, harekin jendea lokatzaz eta suko hautsez zikintzeko prest. Egunean zehar kalez kale ibiliko dira.

Igandean herri ihote segizioa aterako da: moxorroak, hartza, Aitezarko eta Landarra; Landarrak besotan Ninia darama (zapi batean bildutako egur puska). Txistulariekin herrian barna kalejiran ibiliko dira, eta familiaren pasadizoa eginen dute: Landarra oihuka eta negar batean erreguka ariko da Aitezarko zigortu ez dezate. Ohi bezala, sutara zigortuko dute Aitezarko.

2024ko Ihabarko inauterietako egitaraua

Otsailak 3 larunbata

Moxorroak

11:00 Puskabiltza.

18:00 Etxez etxeko erronda.

22:00 Pikoteoa eta dantzaldia.

Otsailak 4 igandea

Ihote segizioa

18:00 Ihote segizioa: moxorroak, hartza, Aitezarko eta Landarra eta Ninia; kalejira eta amaieran familiaren pasadizoa eta Aitezarkoren erretzea.

Ondoren, txistorra jana.