Arakilgo Udalak Ihabarko Eskribarena etxea birgaitzeko proiektuen lehiaketa antolatu zuen, eta hartara hamazazpi proiektu aurkeztu ziren. Arkitektoen kolegioko eta udaleko ordezkariek osatutako epaimahaiak egitasmoak aztertu ondoren lehen saria (3.000 euro) Ganbara proiektuaren egileei ematea erabaki du. Impluvium proiektuarendako izan da bigarren saria (2.000 euro) eta hirugarrena (1.000 euro), berriz, Hego Bao egitasmoaren sortzaileendako. Irabazleak errendimendu hobetze dokumentua, zaharberritze proiektua egin eta obrak zuzendu beharko ditu. Horien guztien truke, saria barne, 78.679,57 euro (BEZ barne) jasoko ditu.
Oihana Olaberria Jaka alkateak jakinarazi duenez, "hiru proiektu sarituen egileekin aurkezpena antolatu nahi dugu, horretarako egileekin harremanetan jarri gara". Olaberriak esan duenez, "oso-oso aberasgarria izan da prozesua. Ihabarko Kontzejuarekin, arkitektoen kolegioarekin eta hainbat pertsonarekin lanean aritu gara. Gozatua izan da. Kolegiokoak prozesu guztiarekin liluratuta daude. Maila oso-oso altua izan dela esan dute".
Hurrengo pausoak
Alkateak azaldu duenez, "oraindik dena airean dago. Sei etxebizitza proposatu dituzte, hiruna beheko eta lehen solairuan. Baina segur aski bost izanen dira, beheko zatian espazio garbi bat utzi nahi baitugu". Dena dela, sarituekin Eskribarena etxean bertan hilaren 16an elkartuko da udala "lehen pausoak emateko". Alkateak jakinarazi duenez, Etxebizitza Departamentutik ere joatekoak dira bilerara.
Topaketa horretan "haien proiektuaz eta udalaren nahiaz hitz eginen dugu. Hau da, biak uztartu beharko ditugu", azaldu du Olaberriak. Gaineratu duenez, "printzipioz behean bi eta goian hiru utzi nahiko genituzke. Baina ikusiko dugu zertan bukatzen den hau. Orain elkarrizketa hasiko dugu. Bestetik, etxeak egitura zahar eta berezia du eta ea zer uzten duen egiten eta zer moldaketa egin ditzakegun ere baloratu beharko da", zehaztu du alkateak. Hala ere, irabazi duen proiektuaren ideia eta xedea garatuko dituztela azpimarratu du Olaberriak.
Proiektu irabazleak duplexen ondoan erabilera anitzeko bitarteko espazioak aurreikusi ditu eta hala izanen dela baieztatu du Olaberriak: "azken finean, etxebizitza kolaboratibo bat egin nahi dugu, beraz, ezinbestean komunak diren espazioak egon behar dira". Alkateak azaldu duenez, "etxebizitza kolaboratiboen funtsa da zaintzen inguruko espazioak eta elkarbanatzeko espazioak sortzea. Horrek, ezinbestean, proiektuan islatuta egon behar du".
Finantzaketa eta lege berria
Lanak egiteko finantziazioa kolokan dutela aitortu du alkateak. Nafarroako Gobernuaren aurtengo aurrekontutik, EH Bilduren emendakin baten bidez, 300.000 euro onartu ziren proiekturako, baina Foru Administrazioko diruzaintzak ordainketa geldiarazi zuen. Olaberriak azaldu duenez, "Etxebizitza Departamenduarekin adostuta, emendakina zabalik dugu eta urte akaberara arte hura diruz betetzeko aukera dago, eta hala behar du, jakina. Ea nola bukatzen den hau guztia!"
Alkateak lanekin heldu den urtean hasi nahiko luke. "Orain esku-hartze publikoko proiektua eginen dugu. Proiektuaren irabazleek eginen dute. Nafarroako Gobernuari aurkeztuko diogu, oniritzia jasotzeko. Horrekin proiektuak forma hartuta geldituko da". Lanek milioi bat euro inguruko aurrekontua dute.
Legea egiten
Ihabarko Eskribarena etxebizitzetan zein biziko den zehazteko modua azken erabakia izanen dela aurreratu du alkateak. "Nasuvinsaren eta Etxebizitza Departamentuaren kudeaketarako laguntza izatea espero dugu. Printzipioz baldintzak jartzeko eskumena izan nahi genuke, eta arakildarrak bertan bizitzea lehenetsi nahi genuke".
Nafarroako Gobernua Etxebizitza Kolaboratiboen Legea prestatzen ari da eta lantalde horretan, gobernuko hainbat departamentuetako kideekin batera, parte hartzen ari dira Olaberria bera eta Uharte Arakilgo alkate Txomin Uharte Baleztena. Olaberriak azaldu duenez, "Bartzelonako eredutik abiatuta, eta Poloniako pintzelkada batzuk hartuta, legea Nafarroara ekartzen ari gara. Horrek ere gauzak nola egin markatuko digu, legeak etxebizitza kolaboratiboko ereduen baldintzak zehaztuko baititu. Beraz, pixka bat esperoan egon beharko dugu".
Saritutako egitasmoak
Ganbara
Eraikin barruan etxe bat eraikitzean oinarritzen da proposamena. Sei etxebizitza (hiruna solairu bakoitzean) eta "kale bat" aurreikusten ditu. Lehen solairukoak duplexak lirateke eta teilatu azpian erabilera komuneko espazioak izanen lituzke. Baita beheko solairuan ere. Beheko solairutik eta mendebaldeko fatxadatik lorategira joateko modua izanen litzateke.
Impluvium
Proposamenak aurreikusi ditu: bost etxebizitza, bakoitza bere garajearekin eta honako espazio komunak beheko solairuan: sukaldea jar litekeen txokoa eta komuna publikoa. Txokoa lorategiarekin komunikatuta legoke. Azken horretan igerilekua, jolas parkea, zuhaitzak, estalpea, baratza eta barbakoa jartzea aurreikusi dute.
Hego Bao
Hiru solairutan banatutako bost etxebizitza aurreikusten ditu egitasmoak. Argia sartzeko hegoaldeko fatxadaren erdiko aldea irekia izanen luke eta balkoidun patio moduko bat sortuko litzateke bertan. Iparraldeko aldean, teilatuan, balkoi bat izanen luke. Eraikinaren iparralde eta mendebaldeko fatxadetan espaloia, lorategia eta kalean aparkatzeko espazioa aurreikusi du.