Nafarroako Gobernuarekin oraindik hitzarmena sinatu ez badu ere, Arakilgo Udalari 300.000 euro emanen dizkio. Hala jasoa dago foru administrazioaren aurtengo aurrekontuetan, EH Bilduren emendakin bat onartua izan ondoren. Oihana Olaberri Jaka alkateak jakinarazi duenez, hitzarmen eredua esku artean dute eta baldintzak lantzen ari da udala gobernuarekin.
Alkateak azaldu duenez, “Ihabarko Eskribarena etxea da eraberrituko dena, elizaren parean, bazter batean dago”. Azaldu duenez, “Guztia lotzen ari gara, baina litekeena da bost etxe egitea: bi 90 m2-koak familiendako edo izanen direnak eta beste hirurak txikiagoak, bikoteendako edo banakoendako. Alokatzeko izanen dira”. Jakinarazi duenez, “etxearen beheko partean espazio handi bat geldituko da eta parte hartze proiektu baten bidez erabakiko da zer erabilera eman. Ihebartarrek zeresana izanen dute, baina parte hartze prozesua arakildar guztiei zabalik egonen da”.
Ibarreko gazteek eskatuta, Arakilgo Udala etxebizitzari buruzko proiektua lantzen ari da, “gazteek hemen nahi dutelako bizi”. Aldi berean, Sakanako Mankomunitateko etxebizitza batzordean egindako lanketa ere baliatzen ari da. Arakildarrak ibarrean errotzeko etxebizitza politika horren ondorioa dira, batetik, Hiriberrin etxe berriak egiteko proiektua, etxe zahar bat eskuratu eta hura eraberritzeko asmoa bertan behera gelditu baita. 15-20 pertsonek dute interesa. Bestetik, udalak ibarreko herrietan etxe zaharren bat erosteko aukera aztertu zuen eta “Ihabarren tokatu zen”, azaldu du Olaberriak. Esan bezala, alokairurako etxebizitzak izanen dira. Horrekin batera, Arakil lehentasunezko zaharberritze eremua da. Ondorioz, etxebizitzak zaharberritzen dituztenek dirulaguntza handiagoa jasoko dute Nafarroako Gobernutik.