egitaraua

Moxorroak, hartza eta Aitezarko familia, Ihabarren

Guaixe 2025ko ots. 14a, 12:54

Moxorroak, Landarra eta Aitezarko, 2024ko Ihabarko inauterietan. ARTXIBOA

Otsailaren 22an eta 23an, larunbata eta igandea, ospatuko dituzte Ihabarko inauteriak.

Bi egunetan ospatuko dituzte Ihabarko inauteriak. Otsailaren 22an, larunbata, goizez puskabiltzan ariko dira, eta 18:30ean etxez etxe joango dira. Otsailaren 23an, igandea, arratsaldez, moxorroak, hartza eta Aitezarko familia (Aitezarko panpina, Landarra eta Ninia), aterako dira.

Pasadizoa
Moxorroak jantzi txuriak eta koloretako zintez apaindutako txanoa janzten dute. Esku batean erratza daramatzate eta harekin Aitezarko zigortzen dute eta jendea lokatzaz eta suko hautsez zikintzen dute. Hartza ikustean hobe datorkizu korrika egitea, izan ere, jendearen gainean botatzen da. Goitik behera narruz jantzitako izakia da hartza. Moxorro batek kate batekin nolabait gidatzen du, baina erraz ihes egiten du.

Aitezarko lasatoz betetako panpin bat da, eta urtero bere patua berdina da: suan erretzen dute. Moxorroek, besteak beste, erratzaren zigortzen dute. Aitezarkorekin batera Landarra eta Ninia doaz. Landarra gona, amantala eta atorrarekin janzten da, eta aurpegia zapi batekin estalita darama. Eskuetan ninia darama, zapi batean bildutako egur puska, eta oihuka eta negar batean erreguka ariko da Aitezarko zigortu ez dezaten. 

2025eko Ihabarko ihoteak

Otsailak 22 larunbata

11:00 Puskabiltza.

18:30 Etxez etxekoa.

Gaupasa, bajeran.

Otsailak 23 igandea

18:00 Inauterien antzezpena: moxorro, hartza, Aitezarko eta Landarra eta Niniaren kalejira, familiaren pasadizoa, eta Aitezarkoren erretzea. Ondoren, txistorra jana.