Saretzen

"Auto elektrikoa errazagoa eta erosoagoa da"

Alfredo Alvaro Igoa 2025ko api. 1a, 09:05

Javier Moreno Montecelo auto barruan. UTZITAKOA

Javier Moreno Montecelok duela bi urte erosi zuen auto elektrikoa. Iruñera joan-etorria egiteko erabiltzen du gehienbat autoa.

Zergatik erosi zenuen auto elektrikoa?
Ni Iruñekoa naiz eta Ihabarrera bizitzera etorri nintzen. Iruñean lanera bizikletan edo autoan joaten nintzen. Bide motzak ziren. Hemen mugikortasunarekin kezka nuen: zenbat ordu joan-etorrietan, kutsadura... Dirulaguntzen aldetik aukera on bat ikusi genuen, eta gutxiago kutsatzeko ere, erosi genuen.

Garestia izatearen fama dute auto horiek.
Dena da garestia, ez dago ezer merkerik. Ni ez naiz autoetan aditua. Agian pixka bat garestiago da, baina bakarrik diruari begiratzen badiozu, bi gauza. Orain dirulaguntzak dituzu, lehen behintzat bazeuden. Egunerokoan ere aurrezten duzu, zeren ehun km egiteko argindarra merkeago da. Bestalde, mendizalea naiz eta mendira igotzean autobiako ibilgailuen soinua entzuten duzu. Honek ere soinua egiten du, baina askoz ere gutxiago.

Aurretik errekuntza auto bat zenuen?
Bai, gasolioa. Apurtu zitzaigun eta zer dirulaguntza zeuden ikusita, eta joan-etorriak egitean aurrezten genuela ikusita, erosi genuen.

Autoak zero etiketa du, ezta?
Horren berri ondoren izan genuen, eta ongi etorri zitzaigun: Iruñean, eremu urdinean, zero etiketadun autoen gidariek musutruk aparkatzen dute. Ez dakit Gasteizen edo Donostian hala den. Badirudi Europako Batzordetik agindutako joera bat dela hirietan zero etiketadun ibilgailuak sartzen uztea bakarrik. Poliki behartzen gaituzte elektrikora edo hainbeste kutsatzen ez duten auto modeloetara pasatzera.

Neguko hotzak nabaritzen ditu bateriak?
Nahiko nabari da, bai. Kontsumo handiagoa dute. Jendeak pentsatzen du berogailuagatik dela. Nik uste bateriak tenperatura batean egon behar dela, epelago. Adibidez, udan bateria batekin 400 km egiten badituzu, neguan, agian, 300. Hori da nire esperientzia. Pentsatzen dut auto elektriko guztiak antzeko ibiliko direla. Autonomia aldetik, gasoliozko autoarekin baino km gutxiago egiten ditut. Auto elektrikoaren araberakoa da autonomia, orain bateria batekin 300 eta 600 km artean egiten dutenak daude. Urtaroa, autopistan edo hirian gidatzeak ere aldatzen du.

Gidatzeko modua aldatu duzu?
Pila bat. Nik sekula ez nuen auto automatikorik izan, eta auto elektrikoak automatikoak dira: aurrerako martxa, atzerako martxa eta geldi egotekoa. Errazagoa eta erosoagoa da. Gainera, ia-ia ez duzu frenoa zapaldu beharrik. Frenatze birsortzailea dauka. Oina azeleragailutik kentzen baduzu, berak bakarrik frenatzen du. Frenoa bakarrik zapaldu behar duzu azkar frenatu nahi duzunean.

Non kargatzen duzu autoa?
Garajean kargatzailea dugu. Normalean, han kargatzen dugu. Lantokian ere badut aukera. Oraingo toki finko batean kargatzeko pentsatuta dago.

Kargatzailea jartzeko zer behar da?
Etxeko argindar kontratuko potentzia handitu behar duzu, kargatzaileak gaitasun hori izan dezan. Normalean 7 kW-koak dira. Behar bada ez da zazpirainokoa behar. Guk hala egin dugu. Bakoitzak pentsatu behar du zer komeni zaion. Elektrikari batek jarri zigun kargatzailea. Etxe berria eraiki genuen, eta halako zerbait aurreikusten genuenez, obra egiterakoan hodiak-eta erdi egina utzi genituen.

Elektrolinerak badaude?
Badira, gero eta gehiago. Baina, egia esan, inoiz ez ditut erabili. Autoa Iruñera joan-etorriak egiteko erosi dugu.

Beste autoak bezala, IAT pasa beharra du?
Bai. Baina oraindik nahikoa berria denez, ez du pasatu.

Jendea autoagatik galdezka joan zaizu?
Hasieran, bai. Autonomiari, prezioari eta dirulaguntzei buruzkoak jakin nahi zituzten. Lagunek eta lantokian ere galdetu zidaten.