1. Zenbat urte Euskalerria irratiko esatari?
Badira batzuk. Tartean lau urtez egon naiz eszedentzian haurren zaintzagatik, baina hamar urte daramatzat hemen lanean.
2. Sanferminetan topera ibiliko zarete lanean.
Bai, topera gabiltza eta ez bakarrik uztailaren 6tik aurrera; aste batzuk lehenago hasten da presio hori, guztia prestu beharra baitago. 6tik aurrera gu ere festa giro horretan barneratzen gara, eta berezia eta polita izaten da.
3. Festak eztanda egiten duenean oraindik oilo ipurdia jartzen zaizu?
Sanferminetan badira errepikakorrak direla ematen duten gauzak, baina ezusteko handiak hartzen ditugu, berdintasun horretan, sanferminak beti direlako ezberdinak. Txupinazoa sanferminetako momentutxo bat izaten da, eta une horretan denoi oilo ipurdi hori jartzen zaigu: suziriaren eztanda, txistulariek Biribilketa jotzen dutenean...
4. Txupinazoa, non?
Niri kanpoko begirada hori hartzea tokatu zitzaidan. Erredakzioan egon nintzen, dena ongi atera zedila jarraitzen eta kanpoan zeuden lankideak laguntzen. Bi lankide Seminario etxean zuzeneko saioa egiten zeuden, beste bi udaletxe barruan, eta beste bi kale konexioak egiten, Iruñean bizitzen ari zena erakusteko. Nik guztia gainbegiratzen nuen.
5. Sanferminetan Euskalerria irratiko ohiko programazioa hankaz gora jartzen da?
Bai. Hasteko, entzierroa ematen dugu zuzenean. Haritz Pascual lankidea bertatik bertara egoten da, baina nik estudiotik laguntzen diot. Horretaz gain, eta multimedia garenez, webgunea elikatu behar dugu: eguneko albisteen eta aktualitatearen berri ematen dugu, kalera atera eta bideoak edo elkarrizketak egiten ditugu, eta eguerdiro festen inguruko programazio berezia egiten dugu, Sanfermintza, gonbidatuekin, Zaldi Zuriko txokoan.
6. Festa egunen bat hartzeko aukera duzue?
Guztiok behintzat festa egun bat izaten saiatzen gara. Niri ostiralarekin tokatu zitzaidan, primeran, kontzertu itzelak zeudelako: Dupla eta Zea Mays. Zea Maysek zerbait berezia prestatu zuen, eta guk berezitasun horretan parte hartu genuen.
7. Zein da gehien gustatzen zaizun unetxoa?
Unetxoak edozein lekuan edo unean sor daitezke. Hor jarriko nuke ikusmira, sanferminak berezi egiten dituena kaleko giroa eta festa kalean dagoela baita. Hori esanda, niretako erraldoien agurra berezia izaten da, oso polita: udaletxe plazako azken dantzak, Ezpeleta Jauregian euskaraz kantatzen zaienean... Horrek kitzikatzen nau, eta iruditzen zait hori ere badirela sanferminak.
8. Erraldoien agurrean, programa berezia egingo duzue aurten.
Horren polita denez, zerbait berezia egin nahi dugu. Seminario Etxeko balkoian programazio berezia egingo dugu 12:00etan. Kilikiak igoko dira, udal ordezkariek festen balantzea egingo dute, eta gonbidatu bereziak egongo dira.
9. Sanferminak eta euskara. Euskarak presentzia gehiago du?
Sanferminetan euskarak geroz eta leku gehiago du, agian oraindik ere gutxiegi, baina badira euskaldun giro hori topatzeko lekuak: Oinez Txokoa, Herri Sanferminetako kontzertuak, egitarau ofizialeko kontzertu eta ekitaldi asko... Kazetari gisa, protagonista euskaldunak aurkitzeko zailtasun gehiago egon daitezke.
10. Hedabideetan sakandar asko zaudete sanferminen berri ematen.
Hala da. Egunotan Nerea Reparazekin, Anabel Arraizarekin eta Aritz Ganboarekin egin dut topo, baina gehiago gaude.
11. Lanetik kanpo, nola bizi dituzu sanferminak?
Bada aukerarik denetarako, sanferminez familian gozatzeko, eta lagunekin ospatzeko.