Bi egunetan ospatuko dituzte Ihabarko inauteriak: otsailaren 7an eta 8an, larunbata eta igandea. Larunbat goizean puskabiltzen ariko dira eta arratsaldean etxez etxe joanen dira. Igandean, arratsaldez, Ihabarko inauterietako pertsonaiek errepresentazioa eginen dute: moxorroak, hartza eta Aitezarko familia, hau da, Aitezarko panpina, Landarra eta Ninia.
Errepresentazioa
Moxorroak jantzi txuriak eta koloretako zintez apaindutako txanoa janzten dute. Esku batean erratza daramatzate eta harekin Aitezarko zigortzen dute eta jendea lokatzaz eta suko hautsez zikintzen dute. Hartza ikustean hobe datorkizu korrika egitea, izan ere, jendearen gainean botatzen da. Goitik behera narruz jantzitako izakia da hartza. Moxorro batek kate batekin nolabait gidatzen du, baina erraz ihes egiten du.
Aitezarko lasatoz betetako panpin bat da, eta urtero bere patua berdina da: suan erretzen dute. Moxorroek, besteak beste, erratzaren zigortzen dute. Aitezarkorekin batera Landarra eta Ninia doaz. Landarra gona, amantala eta atorrarekin janzten da, eta aurpegia zapi batekin estalita darama. Eskuetan ninia darama, zapi batean bildutako egur puska, eta oihuka eta negar batean erreguka ariko da Aitezarko zigortu ez dezaten.
2026ko Ihabarko inauteriak
Otsailak 7 larunbata
11:00 Puskabiltza.
18:30 Etxez etxekoa.
22:00 Pikoteoa eta dantzaldia.
Otsailak 8 igandea
18:30 Inauterien antzezpena: moxorro, hartza, Aitezarko eta Landarra eta Niniaren kalejira, familiaren pasadizoa, eta Aitezarkoren erretzea. Ondoren, txistorra jana.