Udala ur biltegi berrirako lanak aurreratzen hasia

Guaixe 2018ko ots. 3a, 09:53

Irañetako Udalak, Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzarekin, premia duen ur biltegia berrituko du heldu den urtean. Lan horiek egin ahal izateko egin beharreko txosten tekniko eta bestelakoak aurten eginen ditu udalak

Ur biltegi zaharra eta txikia du Irañetak. Finantza-krisia tarteko, ur biltegia berritzea urtetik urtera atzeratu den lan bat izan da. Udalak bakarrik egiteko lan handiegia da eta Nafarroako Gobernuaren diru-laguntza beharrezkoa Irañetako Udalak 2016ko abenduan jaso zuen oniritzia, lanak 2019rako aurreikusi dira. Lanek 225.000 euroko aurrekontua izanen dute eta foru administrazioak 180.000 euro emanen ditu.

Lanak behar bezala egiteko planoak, obra zuzendaritza, lanak ematea eta bestelakoak aurten eginen dituztela jakinarazi digu Juan Angel Beraza Gastesi alkateak. Hori da aurtengo aurrekontuan udalak jaso duen gastuetako bat. Aurrekontuak 209.418,89 euro gastua eta 242.257,08 euroko diru-sarrerak izanen ditu.

Lan gehiago eginen ditu aurten Irañetako Udalak. Foru administrazioak emandako erabilera askeko 25.817,14 euroekin kanalizazio bat eginen dute. Alkateak azaldu digunez, euri urak eta ur beltzak banatuta dituzte, baina ez herri guztian. Izan ere, ur araztegira euri ur kopuru bat iristen da. Hori guztia eragozteko kanalizazio berri bat eginen dut.

Bestetik, argiteria publikoko gastua murrizteko LED argiak jarri asmo ditu udalak. Berazak azaldu digunez, beste udalen batek laguntzari uko egin zain daude lana egiteko.  

Bordari bultzada
Irañetako bargan dago Basabeko borda. Haren ondoan daude Nafarroako Gobernuak 2009an natur monumentu izendatutako bost haritzak. Irañetako Udalak betidanik nahi izan du borda erdigune duen aisialdi eskaintza ematea, batez ere ikastetxeei eta halakoei zuzenduta. "Basoa bisitatu eta borda aterpe moduan erabiltzea" hori litzateke udalaren asmoetako bat, Berazak azaldu digunez. Inbertitzeko diru handirik ez dute, baina egin beharrekoaz Sakanako Garapen Agentziako teknikariekin  hitz egin nahi dute.

Erlazionatuak