Pedro Jose Rodriguez Larrañaga: “Klabezinendako egindako musika oso kalitate handia du. Klabezina jotzen dugunak zortekoak gara”

Alfredo Alvaro Igoa 2018ko api. 27a, 10:26

Pedro Jose Rodriguez Larrañagak pianoa eta klabezina jotzen ditu. Biekin aritzen bada ere, azken musika tresna horrekin ariko da bihar, 19:00etan, Irañetan, errementariaren etxe ondoan. Klabezina eta barroko garaiko musika ezagutzeko aukera aparta.

1. Barka, baina, zer da klabezin bat?

Klabezina pianoa bezalakoa da, teklatu bat du. Baina pianoa baino lehen jaio zen. Horregatik, klabezinarekin musika egiten dugunean antzinako musika egiten dugu. Kasu honetan barrokokoa, XVIII. mendeko musika.

2. Beraz, pianoaren familiakoa?

Pianoa klabezinaren ondoren jaio zen. Esan dezakegu klabezina hil zela pianoa jaio zelako. Pianoa jaio zenean klabezina desagertu zen. Pianoa klabezina baino indartsuagoa da eta, horregatik, bi instrumentu hauek ezin zuten elkarrekin bizi.

3. Beraz, pianoaren gogortasuna klabezinaren suabetasuna gainditu zuen?

Hori da. Instrumentu nahikoa mugatua da. Instrumentu zoragarria da eta nik asko-asko maite dut. Baina egia da pianoa klabezina baino indartsuagoa dela eta, horregatik, klabezina desagertu zen.

4. Zer nolako errepertorioa dago klabezinarendako?

Barrokoko musika guztia klabezinarendako egin zen.

5. Desagertu ondoren berreskuratuko zenuten, zeren bihar kontzertua dago, ezta?

Esan dut desagertu zela. Inork ez zuen gehiago klabezina jo. Operan segitu zuen klabezinak eta, ondoren, XX. mendean musika asko idatzi zen klabezinarendako. “Revival” bat izan zen. Orain klabezina asko jotzen da, baina beti antzinako musika.

6. Nolako soinua du?

Diferentzia oso garrantzitsua da. Pianoak kolpatutako sokekin ateratzen du soinua. Horregatik, pianoak suabe eta fuerte ateratzen du soinua. Klabezineko sokei, berriz, “atximiska” egiten zaie, gitarrari eta harpari bezala. Klabezinaren sistemarekin ezin da “forte eta piano” jo. Pianoa jaiotzean pianoforte deitzen zen. Pianoa jaio zenean berritasuna zen “forte eta piano” jo zitekeela eta klabezinarekin ez. Baina klabezin batek bi teklatu izan ditzake. Kontzertu honetan nire instrumentua erabiliko dut eta nireak bi teklatu ditu. Bi teklatu horiekin efektu asko egin ditzaket: teklatu batean jo edo bi teklatuak konekta ditzaket. Horregatik, zerbait egin dezaket “forte eta piano”. Baina ez da piano moderno batean bezala.

7. Non ikasi zenuen jotzen?

Donostiarra naiz eta gaztetan ikasketak hango kontserbatorioan egin nituen. Eta oso gaztetan, 20 urterekin, lanpostua lortu nuen Iruñeko kontserbatorioan. Piano-jole laguntzaile bezala lan egin nuen. Nire lan nagusia beti izan da beste musikariekin jotzea. Uste dut oso ongi egiten dudala eta lan asko-asko dut. Orain ez dut Iruñean lan egiten, utzi nuen duela 15 urte eta orain Donostiako Musikenen lan egiten dut eta han ere piano-jole laguntzailea naiz. Baina asko-asko maite dut klabezina. Antzinako musika egiten dut beti. Nire kasuan esan dezaket bi instrumentu jotzen ditudala. Nire instrumentu nagusia pianoa da, baina asko maite dut klabezina, eta asko jotzen dut klabezina. Harekin kontzertu asko egiten ditut, taldeekin, orkestrekin… Ez dut askotan bakarrik jotzen. Kontzertu hau niretako ez da egunero egiten dudan zerbait. Zerbait berria da niretako. Esan behar dut ere kontzertu hau joan den larunbatean Musikeneko auditoriumean jo nuela; eta duela hilabete bat Kataluniako herri txiki batean. Lana egin nuen, programa hau prestatu nuen eta pentsatu nuen nire herrian eta Musikenen jotzea ideia ona zela.

8. Zein errepertorio joko duzu?

Kasu honetan guztia XVIII. mendeko lehen erdikoa da. Lehendabiziko zatian Telemann, Couperin eta Handel joko ditut eta bigarrenean Bach.

9. Interprete asko zaudete?

Ez. Klabezina ez da oso ezaguna. Nafarroan, nitaz aparte bat edo bi. Euskadin ere jende gutxik jotzen du.

10. Beraz, zaudetenak dei asko jasoko dituzue.

Egia esan, bai. Zorte handia dut. Nire kasuan kontzertu asko ditut, bai. Jende askok behar du norbait klabezina jotzeko. Edo fortepiano. Beste instrumentu bat da. Adibidez, udan, Donostiako hamabostaldiko operan joko dut. Baina kasu horretan fortepianoa. Hori lehen pianoa dela esan daiteke.

11. Esan duzu errepertorioa badagoela…

Errepertorio zoragarria! Klabezinendako egindako musika oso kalitate handia du. Klabezina jotzen dugunak zortekoak gara, gure musika oso-oso ona delako.

12. Orduan, jendeak horregatik joan beharko du kontzertura, ezta?

Espero dut. Egia esan, klabezinaren soinua, pixka bat “aspergarria” izan daiteke, klabezinak ezin dituelako ñabardurak egin. Baina musika hain polita eta ederra da, uste dut honen moduko klabezin errezital bat oso esperientzia polita izan daitekeela.

 

Egitaraua

Lehenengo zatia

Georg Philip Telemann (1681-1767).

Fantasiak fa maiorrean eta fa minorrean (lehen dozenako 5 eta 6 zenbakiak).

 

François Couperin (1668-1733)

13. agindua si minorrean (Klabezinerako piezen hirugarren liburutik).

Les lis naissans.

Les rozeaux.

L´engageante.

Les Folies françoises ou les dominos (La virginité, La pudeur, L´ardeur, L´espérance, La fidelité, La languer, La coquéterie, Les vieux galans et les trésoieres suranées, Les coucous bénévoles, La jalousie taciturne, La frén´sie ou le désespoir).

L´âme en peine.

 

George Friderich Handel (1685-1759)

5. suitea mi maiorrean.

Prélude.

Allemande.

Courante.

Air (bariazioekin).

 

Bigarren zatia

Johann Sebastian Bach (1685-1750)

Obertura frantziarra si minorrean, BWV 831.

Overture.

Courante.

Gavotte I-II.

Passepied I-II.

Sarabande.

Bourrée I-II

Gigue.

Echo.