Jardunean den Irañetako Udalak ur biltegia berritzeko lanen deialdi berria eginen du. Lastaila erdialdean egin zuen deialdia udalak, baina Juan Anjel Beraza Gastesi jarduneko alkateak azaldu digunez, “lanak emateko deialdian, antza, diru-sail bat nahikoa justua zen eta, horregatik, enpresak ez dira aurkeztu. Orain gure teknikariekin hitz egin eta deialdia moldatuko dugu. Asmoa da heldu den asterako lan deialdi berria egitea”. Hala balitz, eta gauzak ongi, abenduaren 15erako enpresa eraikitzailea luke udalak. Baita atzerapenagatik lanak egiteko baimena ere.
Edateko ura jasotzen duten biltegiak ez du nahikoa gaitasunik eta Nafarroako Gobernuaren egungo araudia ez du betetzen Irañetako ur biltegiak. Hura berritzeko asmoa mahai gainean izan du udalak 2009tik, baina finantza erakundeek eragindako krisiak eta ondorengo egokitzapenak aurten arte nahikoa finantziazio ez eskuratzea ekarri dute. Toki Azpiegitura Planaren bidez foru administrazioak 180.000 euroko dirulaguntza eman dio Irañetako Udalari.
Argiteria berritzerik ez
Argindar kontsumoa murrizteko, dirua aurrezteko eta klima aldaketari aurre egiteko udalak hartzen ari diren neurrietako bat da argiteria publikoa eraginkorragoa bihurtzea. Horretarako bonbillak led teknologiagatik ordezkatzen ari dira. Irañetako Udalak ere horretarako asmoa du. Beharrezko memoriak eginak ditu. Lan horiek 35.943,04 euroko aurrekontua izanen dute. Haietatik 22.635,09 euro Nafarroako Gobernuak jarriko ditu eta gainontzeko 13.307,95 euroak udalak, diruzaintzako gerakinetik ateratako diruarekin.
Lanak aurten egitekoak ziren, baina Berazak azaldu digunez, “dirulaguntzari uko egin behar izan diogu”. Zergatia ere eman digu jarduneko alkateak: “Espainiako Gobernuaren Aurrekontu Egonkortasun Legeak udalak ez zorpetzeko neurriengatik da. Lege hori bete ahal izateko lehentasunak markatu behar izan ditugu eta ur biltegiko lana egitea erabaki dugu. Pena da, dirulaguntza ona zelako”. Hala ere, Berazak espero du Irañetako Udalak heldu den urteko deialdian laguntza jasoko duela.