Zuntz optikoa aurten iritsiko da

Guaixe 2021ko mar. 25a, 14:26
Irañetako frontoian haizeak frontis ondoko plaka batzuk eraman zituen.

Sakanan garatzen ari den proiektuak telekomunikazio zerbitzua emanen du Irañetan aurten. Bestalde, haizeak eramandako frontoiko plakak jartzeko lanean ari da udala.

Irañetako Udalaren aurtengo aurrekontuko diru sarrerak joan den urtekoekin alderatuta 180.000 euro inguru txikiagoak dira. Aldea inbertsioetan dago, joan den urtean ur biltegi berria egin baitzuten, eta aurten ez baitu udalak halako inbertsiorik aurreikusten. Hala gaztigatu du Ainhoa Beraza Maiza alkateak. Aurtengorako udalak 172.912,42 euroko sarrerak aurreikusi ditu eta 145.555,59 euroko gastua. 

Alkateak azaldu digunez, zuntz optikoa aurten iritsiko da Irañetara. Sarea herriko etxeetara eramateko 19.000 euroko diru saila dute prest. Sakanako Mankomunitatearen Telekomunikazio Batzordea Guifinet fundazioarekin lantzen ari den proiektuaren arabera Aizkorbe eta Etxarri Aranatz arteko sare indartsu bat jarriko da eta hara lotuko da Irañeta. Lan horrek 400.000 euroko aurrekontua du eta Nafarroako Gobernuak 160.000 euro jarriko ditu Geroa Baik eta EH Bilduk aurkeztutako emendakin bat onartu ondoren. 

Bestalde, lastaila aldera izandako haizete batek frontoian kalteak sortu zituen. Zehazki, euritik babestu eta, aldi berean, argia sartzen uzten duten panel gardenen ilara bertikal bat eraman zuen. Kale Nagusira ematen duen aldean falta diren plakak jartzeko udalak aseguru etxearekin hitz egin du eta lana egin dezan, kontratista noiz libratu zain daude udalean. 

Argia eta ura
Joan den urtean herriko argiteri publikoko bonbilla gehienak LEDengatik ordezkatu zituen Irañetako Udalak. Etxetako paretako besoak ez zituzten aldatu, bai, ordea, farola dena. Baita zutikako bakarkako euskarriak ere. Udalak horretarako 19.500 bat euro bideratu zituen. Nafarroako Gobernuak udalei despopulazioari aurre egiteko (16.518 euro) eta pandemiak eragindako gastuei aurre egiteko (3.000 bat euro) emandako dirulaguntzekin pagatu zuen udalak argiteria publikoaren berritzea. Berazak jakinarazi digunez, “guztiak aldatzeko oso gutxi falta da. Aztertzen ari gara horretarako laguntzak eskatzea merezi duen edo ez”. Egindako aldaketaren ondorioz, Irañetako Udalak argindar fakturan gutxiago pagatzen du. 

Bestalde,  Irañetako Udalak 11 urtez borrokatu da foru administrazioarekin ur biltegi berri baterako  lanak finantza zitzan. Azkenik lortu zuen eta joan den urtean egin ziren lanak. Ur biltegi berria udazkenerako lanean zuten. Orain behar besteko gaitasuna duen eta araudira egokitutako ur biltegia dute irintarrek. Obrarekin lotutakoekin despeditzeko udalari administrazio kontu batzuk lotzea falta zaio orain. 

Ur biltegitik hegoalderako barga azpiko basoan borda eder askoa du Irañetako Udalak. Basabeako bordari aisialdi erabilera eman nahi diote aspaldi. “Ikastetxeei eskaintzea da ideia. Baina pandemiarekin ezin. Aurrerago landuko dugun zerbait da”, azaldu du Berazak.