Aurtengo eta etorkizuneko inbertsioak buruan

Guaixe 2023ko mai. 18a, 09:01

Irintarra San Gregorio kalean barna

Irañetako Udala inbertsioetan lanean ari da. Aurten dermioko bi bide eta zubia konponduko ditu. Basoan zer egin zehazteke du. Nafarroako Gobernuak ur biltegiko lana finantzatuko du, eta ikusteko dago udaletxe berri eta zaharrerako laguntzarik iristen den.

Irañetako Udalak aurten 284.142,08 euroko sarrerak eta 283.769,93 euroko gastuak izanen ditu. Joan zen urteko kontuekin alderatuta, diru sarrerak 53.175,36 euro jaitsi dira eta gastua, berriz, 58.102,22 euro hazi da. Dirulaguntzak jasotzea eta dirua inbertitzea, zifra horien atzean hori dagoela azaldu digu Iñaki Arangoa Zia alkateak. Udalaren arduran Ainhoa Beraza Maizari  garagartzaroan hartu zion lekukoa Arangoak. 

Udal aurrekontuan inbertsioetarako 163.040,19 euro jasoak daude, eta Arangoak baieztatu duenez, hala da, egitasmo mordo bat ditu udalak buruan eta esku artean. Duela bi hilabete, udalak herri sarrerako zorua, San Gregorio kalekoa, konpondu zuen. 300 bat metroko luzeran berritu da asfaltoa. Bide batez oinezkoendako hiru zebrabide egin dira, haietako bi goratuak. Horretara, 43.000 euro bideratu zituzten. Arangoaren arabera, inbertsio horri aurre egiteko, udalak Nafarroako Gobernuak emandako erabilera askeko 19.087,2 euroak eta udalaren diruzaintzaren gerakineko zati bat erabili ditu.

Egitekoen artean bi lan ditu Irañetako Udalak: "alde batetik, Tufeta eta Zabalgo bideak konponduko ditugu abeltzaintza azpiegiturak berritzeko gobernuak emandako dirulaguntzarekin. Eta, bestetik, uholdeek zubian eragindako kalteak konponduko ditugu foru eta estatuko gobernuaren dirulaguntzekin". Alkateak jakinarazi duenez, aurreneko lanak 43.000 euroko aurrekontua du eta atzenekoak 35.000 eurokoa. "Biak ere agorrilaren akaberarako despedituta egon behar dute", gaztigatu du. 


Eskuinean udaletxe zaharra.

Egiteko
Irañetak 2020tik ur biltegia du, baina han iragazpen sistema jartzea falta da. Gauzak horrela, ura etxeetara garbiago iristeko lanak heldu den urtean eginen ditu udalak. "Horretarako, Nafarroako Gobernuaren 72.161,9 euroko dirulaguntza ziurtatuta dugu", jakinarazi du Arangoak. Aldi berean, foru administrazioak Tokiko Inbertsio Plana ebatzi zain daudela jakinarazi du alkateak: “bi eskaera egin ditugu. Bata da egungo udaletxeko teilatua konpontzea, dauden itxesurak kentzeko. Izan ere, udaletxea 2011n berritu zenean, teilatua ez zen konpondu. Bestea, berriz, udaletxe zaharra zaharberritzea da”. 

Azken eraikin horren inguruan, Arangoak zera jakinarazi du: "gaur egun lau traste daude han. Lehen mediku kontsultategia hartzen zuen, eta Uharte Arakilgo sendagilea astean behin etortzen zen. Baina orain medikua ez da etortzen, eta irintarrok Uharte Arakilera joan behar izaten dugu". Ibilgailurik ez duten adinekoek besteren batekin egin behar izaten dute joan-etorria. 

Bestelakoa da Basokoetxe bordan egin nahi lukeena udalak. Izan ere, hara ikastetxeetako ikasleak egonaldiak egitera joatea nahiko luke udalak. "Horretarako, bordaren erabilera arautzen duen ordenantzan aldaketa bat egin dugu, tarifei dagokien puntuan, hain zuzen ere. Nafarroako Gobernuko ordezkariek ere hura ikusi nahi dute, zer erabilera eman dakiokeen jakiteko". 

Gaztainadia 
Egin nahiko lituzketenen artean baso lanen bat ere badago. Pinudi batean baso aprobetxamendua egin zutenez, irabazitakoaren %20 basoan inbertitu beharra baitute udalek. Irañetako Udalaren aukeretako bat da baso zatiren bat garbitzea, edota, gaztainadian zerbait egitea. "Ihabar eta Bakaikurekin batera gaztainondoak berreskuratzeko proiektu batean gaude, Nafarroako Gobernua, Intia enpresa publikoa eta Sakanako Garapen Agentzia. Altxor bat dugula esaten dute. Aurrekoan Intiakoek hiru herriotakoendako ikastaroa eman ziguten", azaldu du Arangoak.