Mendizaleek ospakizun handiak dituzte gertu. Batetik, euskal lurraldetasunaren aldarria egiteko antolatzen duten Euskal Herriko Erdigunera Ibilaldia urriaren 1ean izango da, eta, bestetik, 2024ko maiatzaren 18an 100 urte beteko dira Elgetan Federación Vasco Navarra de Alpinismo (FVNA) sortu zela. FVNA 63 urtez Euskal Herriko mendizale guztien federazio bakarra izan zen, baina Autonomia Estatuaren sorrerarekin federazioak autonomiaka antolatu zituzten, eta hor sortu ziren Nafarroako Mendi eta Eskalada Federazioa eta Euskal Mendi Federazioa (EMF). Bi federazioek elkarlanean egitarau zabal eta garrantzitsua antolatu dute 2024an mendeurrena behar bezala ospatzeko.
Bi gaiak hizpide izan ziren urriaren 1eko Euskal Herriko Erdigunera Ibilaldia aurkezteko Irañetan antolatutako prentsaurrekoan. Nafarroako Mendi Federazioko Martin Montañes presidentea, Karmele Biurrun presidente ordea, Iratxoko Mikel Goldarazena, Sakanako Mendizaleak taldeko Peio Ruiz presidentea, Iñaki Arangoa Irañetako alkatea eta Floren Beraza, "ibilbideko sukaldaria" izan ziren bertan. Aipatu elkarteez gain, Euskal Mendi Federazioak, Gure Eskuk eta Nafarroa Berriz Altxa taldeek antolatu dute martxa.
Erdiguneko monolitoak 20 urte
Euskal Herriko Erdigunea Beriainen dago, San Donato baselizatik gertu, Olibesarioko Saroian. Hala zehaztu zuen Felix Isasa ingeniariak, barizentroaren kontzeptuan oinarrituta. 2004an oroigarri bat jarri zen han, "beraz, aurten 20. urteurrena izango da. Leku oso polita da, enblematikoa. Toki sinbologiko gisa garrantzi handia ari da hartzen".
Urriaren 1ean bi adar aterako dira Erdigunerantz, Senosiaingoa 8:45ean eta Irañetakoa 9:30ean, Irañetako Basokoetxea bordatik. 11:30erako ekitaldia iragarri dute. "Egun honek Euskal Herri osoko mendizaleen elkargune bat izan nahi du, batasun festa bat. Probintzia guztietako mendizaleak elkartuko gara". Gero bazkaria izango da Irañetako bordan, "Lakuntzako baba txikiak". Bazkarirako irailaren 29a baino lehen eman behar da izena (620 190 277).
Bost ibilbide Erdigunera
Euskal Herriko Erdigunera heltzeko seinaleztatutako bost ibilbide prestatuko ditu Nafarroako Mendi Federazioak, Irañetatik, Ihabartik, Senosiaindik, Ollotik eta Unanutik. Ibilbideak markatzeaz gain, informazio panelak eta QR-ak jarriko dira. "Udalekin eta Gobernuarekin harremanetan gaude. 2024ko martxorako ibilbideak martxan egotea nahiko genuke. Bide onean goaz".