Federación Vasco Navarra de Alpinismok (FVNA)100 urte beteko ditu 2024an. Ospakizun handiak datoz?
Jakina, horretan gaude elkarlanean Nafarroako Mendi eta Eskalada Federazioa eta Euskal Mendi Federazioa. Egitarau zabala prestatu dugu. Egunero ez dira 100 urte betetzen, eta gogotsu ospatu nahi dugu. 33 urtez federazio bakarrean egon ginen, Autonomia Estatutuarekin banatu gintuzten, baina gu harremanetan egon gara beti.
Denetarik antolatu duzue: erakusketak, Euskal Herriko mendietara igoerak, Elgetako ekitaldia eta festa...
Ilbeltzaren 15ean "Emakumeak eta mendia" erakusketa ibiltaria aurkeztuko dugu Iruñean. Martxoan Korrikak Euskal Herria zeharkatuko du, eta urteurrenak presentzia izatea nahiko genuke. Martxoaren 16an Euskal Herriko 7 lurraldeetako mendi altuenetara igoko gara, eta apirilaren 27an eta 28an Ehun Mendi egitasmoarekin Euskal Herriko 100 menditara igoko gara. Klub bakoitzak igoera baten ardura hartu du. Bestalde, maiatzaren 18an, urteurrenaren egunean, ekitaldi instituzionala egingo dugu Elgetan. Iñigo Urkullu eta Maria Chivite gonbidatuko ditugu. Mendizaleen festa handia prestatuko dugu, herrikoia: herri bazkari erraldoia, dantza, musika... Maiatzean ere Belaguako Zeharkaldi Handia egingo dugu. Eta oraindik ez dugu zehaztu noiz, baina Txumarra zenak ilusio handia zuen beteranoen martxa antolatzeko, eta egingo dugu, haurren martxa batekin batera.
EMMOA Museoa mustuko duzue.
Tolosako Arkaute txaletak hartuko du EMMOAren (Euskal Mendizaletasunaren Museoa) erakusketa iraunkorra. Euskal mendizaletasunaren historia jasotzeko mendi material ugari bildu dituzte, ikusgarriak direnak: lehendabiziko pioletak, Everesteko lehen espedizioko materialak...
2024ko EH Erdigunera ibilbidea ere ospakizunetan sartuko duzue.
Noski! 2024an, urriaren 8an izango da, eta urriaren 18an Euskal Mendizale Gala, Galdakaon. Mendeurreneko ekitaldi guztien irudiekin Labritek dokumentala egingo du. Bilboko Mendi Festivalean aurkeztea da asmoa.