1. Negua luzea da eta alaitzeko ospakizunen bat behar zelako berreskuratu zenuten inauteria?
Javier. Egia esan, beti ibili gara lehengo ohiturak berreskuratu nahian. Edo beti hitz egiten genuen: "lehen egiten genuen hau, edo bestea, ez dakit zer". Hitz egin eta hitz egin eta: “lehen hemen ihoteak ospatzen ziren. Zergatik ez ditugu berreskuratzen?" Garai hartan Artxabal euskara eta kultur taldea genuen. Haren aldetik ere sortu zen ekimen hau. Eta ordutik urtero egiten segitu dugu.
2. Nola berreskuratu zenuten ihotea?
Floren. Aiton-amonekin hitz egin genuen, inauteria nola egiten zen jakiteko. Haiei entzundakoetatik, antzeko gauzak egiteko asmoz hasi ginen: panpina bat egiten zen, janzteko modua eta zer jaten zuten. Azaldu ziguten ardi bat hiltzen zutela eta hura zela jatekoa: ardiaren tripotxak gosaltzeko, ardikia bazkaltzeko eta hondarrak afaltzeko. Ihotea errepublika garaian-edo galdu zen. Amonak eta aitak zerbait esan zidaten. Markorenako Justok ere esan zigun nola egiten zuten. 1922 eta 1926 artean jaiotakoak ziren, eta aurrerago ere.
3. Aurre prestaketak nolakoak izan ziren?
J. Suposatzen dut lehengo ihoteak desberdinak izanen zirela. Guk gure nahietara moldatu ditugu. Ezpelak etxeetan jartzearena garai batean nola eginen zen ez dakit. Edo erabiltzen dugun jantzia benetan halakoa zen. Guk gure modura antolatu ditugu, gutxi gorabehera lehengo gauzak mantendu nahian. Uste dut nahikoa lan polita egin dugula.
4. Jasotakoaren kalkoa egin zenuten?
F. Saiatu ginen gutxi gorabehera hori egiten. Bagenekien neska ezkongabeei ezpela jartzen joaten zirela. Garai hartan mutilak ziren parrandan ibiltzen zirenak, neskak ez. Gutxi gorabehera gauza bera egiten hasi ginen. Arropa zati batzuekin lotutako ezpel adaxkak uzten ditugu etxeetan. Gosaldu ondoren egiten dugu hori.
5. Kalkoak arriskua du, garaiak aldatu direlako, ezta?
J. Jakina. Orain bakoitza nahi duen moduan ateratzen da, batzuk betiko janzkerarekin, besteak nahi duten moduan mozorrotzen dira. Hala egiten dute gazteek. Ez dakit lehen hemen makilekin joko zen, beste herri batzuetan bezala. Halakorik ez dugu egin. Beharbada lehen bakarrik mutilak izanen ziren parte hartzen zutenak, orain denek hartzen dugu parte.
F. Hasieran ez zegoen problemarik, denok jaten genuen ardikia. Baina jende gehiagok parte hartzeko eta bazkaltzeko oilasko izterrak labean edo beste zerbait prestatzen dugu. Jende askori ardia ez zaio gustatzen, edo sekula ez du probatu eta ematen dio... Beraz, bazkarian erdi eta erdi jaten da. Hor pixka bat zabaldu dugu, moldatu dugu festa bizirik mantentzeko.
6. Ezpel paxoa nori jartzen diezue?
J. Emakumezkoei jartzen jarraitzen dugu bakarrik.
F. Behin baino gehiago emakumezkoak egon dira eta esan izan dute: "mutilei jarri behar diegu".
J. Oraingoa nahaste-borraste pixka bat da: zahar edo gazte, denei jartzen diegu.
7. Zer sasoiarekin iritsi da inauteria gaur egunera?
J. Gazteek ez dute janzkera jarraitzen, baina ateratzen dira. Gehien bat 7 eta 14 urte artekoak. Horiek janzten dira eta gustura hartzen dute. Kalejira egiten dute, eta panpina erretzerakoan dantza egiten dute. Nik uste dut jarraipena izanen duela. Guk ere jarraitzeko urte batzuk baditugu, beraz, uste dut ihoteak iraunen duela.
8. Gazteek "betidanik" ezagutu dute ihotea, ezta?
F. Hala da. Hasieran, astokilook nahiko gogorrak ginen, eta jende guztia zikintzen genuen. Ikusten genuen pixka bat zakarra izanez gero problemak izanen zirela. Jendea hurbildu beharrean aldendu egiten zen. Hasi ginen txukunagoak izaten, mundu guztiak parte hartu ahal izateko. Ezinbestekoa zen.
9. Emakumezkoek parte hartzen dute?
J. Bai. Neskak eta haurrak. Helduak ere mozorrotzen dira. Elkarrekin ateratzen gara kalejiran.
10. Parte hartzaileek ihotea hobetzeko ekarpenik egiten dute?
F. Jende berak antolatzen dugu, eta beste guztiek parte hartzen dute. Ihoteak direla eta, bilera deitzen dugu eta beti bospasei gaude. Proposamen berririk ez dago.
J. Aurtengo berrikuntza izan da gosariko tripotxak Florenek eta anaiak egin dituztela. Oso onak! Baina antolakuntzan betiko jendeak egiten du, bai. Etorkizunean ez dakit nola moldatuko den, ikusiko dugu.
F. Ilbeltzaren 29an hil genuen ardia. Bospasei aritzen gara horretan eta ardikia zatitzen. Bitartean ardi txuletak jaten ditugu. Ongi pasatzeko modua da. Estreinakoz odola jaso genuen eta elkartean egin genituen tripotxak, gure modura. Dezenteko lana: hiruzpalau ordu. Baina merezi du.
11. Zer ematen dio inauteriak Irañetari?
J. Bizitza. Herri txikietan gauzak ez badira antolatzen... Bakoitzak bere bizitza egiten du. Kalean girorik ez da sortzen. Halako gauzek jendea elkartzen dute. Elkartearen inguruan bazkari-afariak sortzen dira. Halako gauzek herria egiten dute.