Ur biltegiko lana udaberrian eginen dute

Guaixe 2024ko mar. 6a, 08:38
Irañetako ur biltegi berria. ARTXIBOA

Iragazpen sistema jarriko dute ur biltegi berrian.

Irintarrek 2020tik ur biltegi berria dute, behar besteko gaitasuna duena eta araudia betetzen duena. Azken hori zorrotz betetzeko iragazpen sistema jartzea falta da. Horrek ura etxeetara garbiago iristea laguntzen du. Sistema hori jartzeko Irañetako Udalak Nafarroako Gobernuaren  72.161,9 euroko dirulaguntza du. Oniritzia jasota, "gure asmoa da aurki lanak emateko deialdia egitea eta obra udaberrian egitea", azaldu du Iñaki Arangoa Zia alkateak. 

Irañetako Udalak, bestalde, udaletxe zaharra berritzeko dirulaguntza jaso zuen foru administraziotik. Udal eraikina zaharberritu nahi dute erabilera soziokulturalerako bideratzeko. Horretarako, 176.108,46 euroko proiektua du esku artean. Horietatik udalak 9.982,50 euro jarriko ditu. "Lanak aurten egin behar dira. Dirulaguntza jasoko dugu, baina baieztapenaren zain gaude", jakinarazi du alkateak.