Astekaria

Motorreko beste izar bat jaio da

Maider Betelu Ganboa 2025ko ots. 12a, 13:00

Irene Beraza Larreta. UTZITAKOA

Beraza Team taldeko Irene Beraza Larreta 2024ko Nafarroako cross country eta enducross txapelduna da 125 cc-ko kategorian. 2025. urtean hobetzea eta Espainiako Enduro Txapelketako probaren batean parte hartzea nahiko luke

“Halako egurra, halako ezpala” dio esaerak. Irene Beraza Larreta da horren adibide garbia. Irintarrak 12 urte ditu, infantilen mailako Nafarroako cross countryko txapelduna da 125 c.c. mailan, eta enducrosseko txapelduna 125 cc-an. Bere zaletasunaren atzean aita eta osabak daude. Markos Beraza Vitoria Ireneren osaba Espainiako Senior B4T mailako Enduro txapelduna da. “Aita ere motorrean ibiltzen zen. Orain ere, baina ez du txapelketetan parte hartzen; nirekin etortzen da entrenatzera” dio Irenek.

Irene 5 urterekin hasi zen motorrean. “Ez zen oso moto ona; urteekin motor hobeagoak izan ditut. Uste dut 2021 urtean hasi nintzela txapelketetan parte hartzen. Motorrean aritzeak ez dio inoiz beldurrik eman. “Niri asko gustatzen zait motorrean ibiltzea; txikitatik ikusi ditut eta ez didate beldurrik ematen”. 

Modalitate guztiak
Cross country, motocross, enducross, enduro... modalitate guztietan aritzen da Irene Beraza. Motocrossa aldapez, saltoz eta oztopoz prestatutako zirkuituan egiten den lasterketa da; moto guztiak batera ateratzen dira, eta egin beharreko bueltak lehen bukatzen duen pilotua da txapelduna. Enducrossa, enduroaren eta motocrossaren arteko nahasketa da. “Pista edo zirkuitu bat prestatzen da, bihurguneak, harriak eta denetariko oztopoak dituena. Enducrossa erlojupeko bat da: hiru manga dira, 15 minutukoak, eta buelta azkarrak egin behar dituzu; buelta bat azkarren ematen duen pilotuak irabazten du” azaltzen du Berazak. Cross countrya iraupen proba da. “Mendian edo basoan zehaztu den zirkuitu luze batean jokatzen da. Hasieran buelta bat ematen da zirkuitua ikusteko, eta gero pilotu guztiak batera ateratzen gara, errenkadan, eta ordu batean edo zehazten den orduan zirkuituari ahalik eta buelta gehien ematen dizkionak irabazten du”.

Nolanahi ere, berak enduro modalitatea du gustukoena. Motocross eta cross country modalitateen arteko nahasketa da, proba oso luzea, kilometro askoko zirkuitua prestatzen baita basoan. Zirkuitu horretako hiru tokitan kronometratutako guneak daude, eta bertan azkarrago ibili beharra dago. Une osoan adi egon behar da, kontzentrazio handiko proba da. “Gustukoen dudan modalitatea da”.

"Mundu hau gustuko dut, asko, eta motorrean jarraituko dut"

Nafarroako txapelduna
Ilbeltzaren 18an Nafarroako Motoziklismo Federazioak Los Arcoseko zirkuituan antolatutako 2024ko sari emate ekitaldian Irene Berazak infantilen mailako 125 cc-ko Nafarroako cross countryko txapeldunaren eta 125 cc-ko Nafarroako Enducrosseko txapeldunaren sariak jaso zituen.  “Denboraldi ona egin dut, oso pozik nago. Txapelketetan hasi nintzenean, lehenengo urtean ongi hasi nintzen, eta hortik aurrera, goraka egin dut, beti ikasten eta hobetzen” azaldu du Irene Berazak. Markos Beraza osabak Nafarroako Motokross txapeldunaren saria jaso zuen Los Arcosen. Bien artean makina bat trofeo dituzte etxean, “pila bat”.

Beraza Team
Irene Beraza bere osaba Markosek sortutako Beraza Team taldekoa da, beste haur eta gaztetxoekin batera. “Bi iloba ditut, oso motorzaleak, eta beraiendako haurren talde bat sortu genuen. Gustura ibiltzen naiz haurrak trebatzen” azaldu izan digu Markos Berazak behin baino gehiagotan. Tartean dago Irene. “Guztira hamar pilotu inguru gara, horietatik bost sakandar”.  Bera da taldeko neska bakarra. “Ongi moldatzen naiz mutilekin. Lasterketa gehienetan mutilekin lehiatzen naiz, neska gutxi garelako. Horrek exijentzia handiagoa du guretako, baina gustura aritzen naiz. Normalean mutilak azkarrago joaten dira, baina ni mutil batzuk baino azkarragoa naiz”.

Nafarroako egutegiko probetan lehiatzen da bereziki Irene Beraza, baina kanpora ere atera izan da. "Esaterako, aurten Espainiako Txapelketako proba batean lehiatu nintzen. Hor neskekin jokatu nuen bakarrik, neska gehiago geundelako, hamar inguru. Ongi ibili nintzen, bosgarren, baina beti hobetu daiteke. Aurten, Nafarroako Txapelketako probekin batera, 2025eko Espainiako Enduro Txapelketako probaren batean lehiatzen saiatuko naiz" argi du irintarrak. 

Gravity Freestyle
Ilbeltzaren 4an Donostiako Ilunben antolatutako Gravity Freestyle Motocross ikuskizun erraldoian parte hartu zuten Irene Berazak eta hainbat emakumezko pilotuk, gonbidatuta. Motocross eta salto erakustaldia egin zuten. "Egun handia izan zen, esperientzia polita, oso eskertuta gaude antolakuntzarekin, emakumezko pilotuei ikusgarritasuna eman zigutelako".

Irene Irañetako zirkuituan –urtero lasterketa antolatzen dute– eta Altsasuko MX Urbasa zirkuituan trebatzen da, “nahikotxo, bereziki asteburuetan. Baina astean zehar ere Irañetan aritzen naiz”. 125 cc-ko Beta motorra du, endurokoa. “KTM-ak izan ditut, baina orain mendian gehiago ari naizenez, mendiko Betarekin gustura ari naiz”.

Argi du motorraren munduan jarraituko duela. "Mundu hau gustuko dut, asko, eta jarraitu nahi dut". Lagunak ohituta daude. "Paga txutxeetan gastatu beharrean, gasolinan gastatzen dut (kar-kar)". 12 urterekin podiumaren gorenera igo da, eta urte pila bat ditu aurretik. Irene Berazaren ibilbideak Olaztiko Eukene Urrarena dakarkigu gogora. Eukene ere bere osabarekin, Fernando Urra pilotuarekin, trebatzen zen motocross, enduro eta cross countryan. Horregatik, Eukeneren estelaren atzetik, motorreko beste izar bat jaio da Sakanan.