1868ko apirilaren 29an jaio zen Irañetan Maria Ana Sanz Huarte. Sanz maistra baino gehiago izan zen; hezkuntza tradizio handiko familia liberal batean bizi zen, eta bere gairara aurreratutako "motibazio, iniziatiba eta nortasun handiko" emakumea zen; haurtzaroa eta emakumea defendatzeko bidea ireki zuen. "Gogor lan egin zuen emakumearen hezkuntza formalaren eta bere eskubideen alde". Irañetatik Iruñera joan zen, eta besteak beste, Madrilen eta Zaragozan ere bere ibilbide profesionala egin zuen. 1936ko maiatzean zendu zen, Espainiako Estatu Kolpearen aurretik.
Irailaren 20an Irañetako alaba omendu zuten, eta Maria Ana Sanz Huarte zenaren inguruko historia eta ibilbidea ezagutzeko aukera izan zen erakusketa batean. Gainera, eskultura bat mustu zuten ere, eskola zaharrak izan zirenaren aurrean egonen dena. Irañetako Udala ez ezik, antolakuntza lanetan "hamar-hamabi irintar" egon direla esan du Iñaki Arangoa Zia alkateak, besteak beste, Floren Beraza Gastesi eta Izaskun Bengoetxea Delgado irintarrak. Herritarren parte hartzea eta laguntza oso garrantzitsua izan dela esan du alkateak.
Hezkuntza
"Emakume oso aurrerakoia zela ikusi dugu; borrokalaria, lan handia egin zuen"
Maria Ana Sanz Huarte Irañetan jaiotako maistra bat zen. 1900. urtean Maistra titulua lortu zuen, eta urte bat beranduago Nafarroako Maistren Eskola Normalean Letrak irakaslea izan zen. Arangoa: "Emakume oso aurrerakoia zela ikusi dugu; borrokalaria, eta pobreendako lan handia egin zuen. Lan eta lan ibili zen. Zer bait egin behar genuela pentsatu genuen". Maisu eta maistren tradiziozko familia batean hezi zen Sanz, amaren familiatik zetorrena. "Kale nagusian osabak eta amak eskola bat ireki zuten; horretan ibili ziren ere". Montessori bezalako metodologia aurrerakoiak erabiltzen zituen Sanzek.
Eskola ez ezik, haurtzaroaren zoriontasunean oinarritutako hezkuntza berrrikuntzak sustatu zituen Sanzek. Esterako, haurren oinarrizko beharrak asetzeko zerbitzuak sortu zituen eskolaren barruan. Berazak azaldu duenez, Adingabeen Auzitegian lanean egon zen ere: "Garai horretan gazteen artean lapurretak, liskarrak eta abar izaten ziren, orduan, pentsatu zuen hori zuzendu behar zela. Haurrak kalean egoten ziren, gosea zen... Arazo handiena gosea zen, eta hortik eskola kantinak sortu zituen; jende pobreari janaria emateko jantokiak". 1907. urtean sortu zituen behar zuten haurrek jan ahal izateko kantinak, besteak beste, San Frantzisko eskolan eta Konpañia kalean.
Pentsamolde horrekin, Juan Espinal maisuarekin batera, haurrendako kanpaldiak sortu zituen 1913. urtean, eta 1920ko hamarkadan Maistren Eskola Normaleko Elkartearen barruan eskola etxeak sustatu zituen, eta lehenengo roperoak sortu zituen ere. Maistren Eskolako zuzendaria izan zen, eta emakumeen eskubideen alde lan egin zuen. Beraza: "Garrantzia handia ematen diot bizi izan zen garaiari: Gerri Karlisten inguruan jaio zen, Lehenengo Mundu Gerra bizi izan zuen, Espainiako I Errepublika, Primo de Riveraren diktadura... Eta horren inguruan berak horrelako historia eta proiekzioa izan zuen". Arangoak gaineratu duenez, "gaur egun emakumeek oztopoak badituzte, pentsa garai horietan...".
Errekonozimendua
Iruñeko Udalak Maria Ana Sanzek egindako lanaren errekonozimenduan bere izena Txantrea auzoko eskola publiko bati jarri zion, eta Emakume Aitzindariei buruzko erakusketa baten parte zen Sanz. Orain Irañetako Udalak ere haren figura goraipatu du.
"Haren inguruko lehenengo gauza iritsi zitzaiguna izan zen GUAIXE-n lanean nengoenean; aldizkari desberdinak iristen ziren eta horietako batean, Errotxapeako Auzolan aldizkarian, horrelako artikulu txiki bat zetorren Maria Anaren inguruan. Hortik aurrera, gaur egun arte". Omenaldia egiteko "momentutxoa" zela uste du Arangoak: "Sokatik tiratu dugu irintar askoren laguntzarekin".
Erakusketa sortzeko ezinbestekoa izan da Amelia Guibert Navaz Sanzen bilobak haren amonari buruz idatzitako Maria Ana Sanz Huarte (1868-1936). En primer término, mujer liburua. Guibertek amonaren ibilbidea jarraitu zuen, irakaslea da, eta Berazak azaldu zuenez, Rafa Blancoren bidez izan zuten haren bilobaren berri: "Amelia esperanto ikasten ari zen eta kontaktua zuten". Liburuaren berri izan zutenean "hainbat ale" erosi zituzten maistraren ibilbidea eta historia ezagutzeko.
Irañeta
"Liburuan agertzen denaren arabera, imajinatzen dugu familiaren nahia zela Irañetan jaioa zela nabarmentzea", azaldu du Bengoetxeak. Izane re, liburua Irañetako iturburuaren irudi batekin hasten da, eta lanean agertzen den Maria Ana Sanzen familiaren argazki zahar bat ere Irañetan kokatuta dago. Irañetan jaio, eta Iruñean bataiatu zutela jakin izan dute. "Lan gehiena Iruñean, Madrilen eta Zaragozan egin zuen".
Omenaldia egiteko prozesuan Sanzen familiak asko lagundu diela esan dute antolatzaileek. "Liburua ez ezik dokumentazio pila bat eman digute ere: tituluak, ikasketak, nondik ibili zen...". Hori guztia, haren ibilbidea, historia eta abar erakusketa ikusteko aukera izanen da: "Erakusketan zortzi bat lamina egonen dira eta bertan azalduko da guztia. Gainera, diapositibak izanen dira ere dokumentazio guztiarekin, eta dokumentuak ikusteko aukera izanen da ere". Lan handia izan dela esan du Bengoetxeak.
"Hainbat hilabete" daramatzate erakusketa prestatzen, alkatearen hitzetan. "Urtearen hasieran hasi ginen pixka bat hitz egiten, eta azkenean estu eta larri azken momentuan azkeneko gauzak prestatzen. Ez da ate bat ireki eta hor dena aurkitu...". Erakusketa pintura tailerra egiten duten tokian izan zen, eta eskulturaren mustutzea eskola zaharra zegoen tokiaren aurrean. Berazak eskulturaren oinarria egin du, harriarekin, eta eskultura ere harrizkoa izanen da eta Iñaki Villanueva eskultoreak egin du. Eguerdi aldera mustu zuten, Sanzen familia presente zegoela. Bestetik, jaiotetxean ere "plakatxo" bat jarri dute.
Maria Ana Sanz Huarteren familia "oso eskertuta eta ilusionatuta" dagoela esan du Bengoetxeak; "edozer gauza behar genuela bidaltzeko prest zeuden. Dokumentu guztiak, argazkiak eta abar eman dizkigute". Omenaldian berrogei bat kide egon ziren, besteak beste, Amelia Guibert biloba; senide gehienak Iruñean bizi dira, baina badira Santanderretik etorriko direnak ere. Senideek ere hitza hartu zuten.
Herria bezala "ohorea" da Irañetan jaiotako "ilustre" bat izatea, "horregatik monumentua jarri diogu", gaineratu du alkateak.