Mendia

Euskal Herriko Erdigunean, lurraldetasuna aldarrikatzera

Guaixe 2025eko urriaren 13a

Jendetza bildu zen Beriaingo San Donato baselizatik gertu, Olibesarioko Saroian (1.236 m) dagoen Euskal Herriko Erdigunean.

Lurraldetasuna, euskara, euskal selekzioak eta zazpiak bat garela aldarrikatu zen Euskal Herriko Erdiguneko Ibilaldiarekin bat egin zutenek. Ondoren, Irañetako bordan pintxopotea, bertsolariak eta herri bazkaria izan zen. Azken horretan 70 pertsona elkartu ziren. Topaketa baliatu zuten euskal selekzioen ofizialtasuna aldarrikatzeko. 

Andia mendian egindako ekitaldian Gure Eskuko kide batek hartu zuen hitza. Adierazi zuenez, "garai ilunak iristen ari direla entzuten ari gara. Eta egia da. Toki guztietatik albiste kezkagarriak iristen zaizkigu". Esan zuenez, "horren aurrean, eta batzuek modu interesatuan diotenaren kontra, herri hau ez dago geldirik. Gaur hemen gaude". Eta mugimendua dagoen adierazle gisa, Euskal Herrian izanen diren hainbat hitzordu zerrendatu zituen: Euskal selekzioak eta Palestinak San Mamesen jokatuko duten futbol partida, "Palestinari elkartasun oihua bidaliko diogu";   Euskalgintzaren Kontseiluak Bilbon deitutako ekitaldia abenduan; Korrika udaberrian edota Aberri Eguna. Gaineratu zutenez, "bitartean, eskubideen alde manifestatuko gara, auzolana ereingo dugu eta hamaika proiektuetan ibiliko gara, egunerokotasunean lanean, nor bere herri edo auzoan". Gaineratu zuenez, "Gure Eskurekin ere mobilizatuko gara, noski, haizea emateko Euskal Herriko burujabetza asmoari. Eta nonahi esanen dugu euskal herritarrak gara, eta burujabe izan nahi dugu. Beraz, itxaropena". 

Erlazionatuak