Atxun zarkorenak egin zuen

Guaixe 2026ko otsailaren 9a

Atxun zarkoa kalejiraren buruan.

Irintarrek ihote eguna ospatu zuten larunbatean, otsailak 7.

Gosaldu ondoren, txuriz jantzi ziren, bizkarraldean koloretako zintak zituztela, gerriko gorria eta burua estaltzeko koloretako zintak zituzten txanoak jarri eta kalera atera ziren eguerdian. Kalejiran ezpel paxoak jarri zituzten ezkongabeen etxeetan. 

Txapel Azpi elkartea ihote bazkariarekin bete zen. Ardikia helduendako eta oilaskoa haurrendako izan ziren menuko izarrak. Arratsaldean Atxun zarkoarekin kalejira egin zuten. Akaberan, elkartearen parean, Atxun zarkori su eman zioten. Erretzen ari zela, haren inguruan dantza egin zuten lehenik, gainetik salto ondoren.