Karpari buruzko azken erabakia, larunbatean

Guaixe 2015ko mar. 4a, 13:27
Iraileko azokan Barazki gunea ere erabili zen.

Etzidamu, 12:00etan, udaletxean batzar irekia eginen da

Irurtzundarrek aurrekontu parte-hartzaileen prozesuaren bidez udalak karpa bat eros dezala erabaki dute. Aukeraketa horrek berekin zekarren irurtzundarrek karparen kokapena eta erabilera funtzionamendua zehaztu beharra. Pasa den larunbatean 13 irurtzundar elkartu ziren, udal ordezkariak tartean zirela. Haiek karpen inguruan eskuratutako informazioa eman zieten.

Iritziak trukatu ondoren, elkartu ziren gehienek karpa itxiaren aldeko jarrera azaldu zuten. Karparen kokapenari dagokionez, gehienak Barazki Gune plazan jartzearen alde azaldu ziren. Hala ere, kokapen horrek zalantza teknikoak sortu zizkiten: halako lekuan karpa nola moldatuko den, eguraldiaren eragina eta beste. Udaleko ordezkariak teknikariekin zalantza horiek argitzeko konpromisoa hartu dute.

Udal ordezkariek jasotzen dituzten azalpenak larunbat eguerdian udaletxean eginen den bilera irekian emanen dituzte. Irurtzungo Udalak bando bidez herritarrak bilkuran parte hartzera deitu ditu. Ahal dela, bilkura horretan erabakiko da zein karpa erosi, non kokatu, nola kudeatu eta zein funtzionamendu izanen duen.