Dantza integralean eta kontakt dantzan aritzen direnen topagune bihurtuko da Irurtzun hiru egunez. Euskal Herriko Kontakt Inpro Elkartetik (EHKIE) azpimarratu dute saio guztiak irekiak direla, baina ehkie.kontakt@gmail.com helbidean izena eman beharra dago. “Jendeak dantza hau ezagutu eta praktikatu dezan nahi dugu. Azken batean, diruaz, haratago, partekatu eta ongi pasatu. Mundu guztiarendako irekia dago”, esan digu Oskar Estangak.
Joan den urtean Aretxabaletan 60 pertsona elkartu ziren, Euskal Herrikoak, espainiarrak eta frantziarrak. EHKIEk hiru ekintza nagusi eginen ditu Irurtzunen asteburuan, batetik saio gidatuak. “Arituek mugimendu ezberdinak gidatzeko saioak izanen dira. Pixka bat ikasi eta hortik mugitzeko izanen dira”. Larunbatean eta igande goizerako daude iragarriak. Saio irekiak, berriz, ostiral eta larunbat gauean eginen dituzte; esperimentatzeko, mugitzeko eta abar.
Azkenik, ekintza publikoak daude, larunbat gaueko Pikuxarreko performance festa, haien mugimenduekin hasi, baina dantza-festan bukatuko dena. Eta igande arratsaldean, plazan, eginen den saio publikoa:“jendeak zertan aritu garen eta zer egin dugun ikus dezan”.