Unanuak bideoklip berria zuzendu du

Guaixe 2015ko aza. 2a, 11:48

Izaki Gardenak taldeak Aurri gara diskoa gaur aurkeztu du, hirugarrena. 9 kantuz osatutako lana da eta Hibernazioa kantua aukeratu dute single modura. Haren bideoklipa Xabier Unanuak zuzendu eta muntatu du. Boskotea Arbizuko eko-kanpinera ekarri zuen duela bi aste eta han eta inguruetan grabatu zuen bideoa. Izaki Gardenak taldearen eta Unanuaren arteko erlazioa aurretik heldu da. Boskotearen bigarren diskorako, Amaieratik hasi, Berandu bideoklipa egin zuen sortzaile irurtzundarrak.

Unanua Virenque, Gaur Ez eta Hibakusha taldeendako bideoklip bana eginak egina da. Bestalde, Sakana aurretik ere izan da bideoklipendako eszenatokia. Pasa den urtean, esaterako, Xaikok Ziordiko gaztelua aukeratu zuen. Fran Idaretak, berriz, Urdiain eta Altsasuko San Pedro zelaia. Los Del Rayo taldeak Altsasuko beheko basoa, plaza eta Lurrazpi taberna. Arrebotek Ihabarko frontoian, Altsasuko gaztetxean eta Iortia kultur gunean grabatu izan ditu bere bideoak. Olatzagutiko kultur etxean aritu zen Kerobia. El Drogasek, azkenik, Josefina Arregi klinika hartu zuen plato gisa.