Donostiako Justizia Jauregian Edurne Martinez Arreseren absoluzio epaiari aurkeztutako helegitea aztertzen hasi ziren atzo. Izan ere, epaia behin betikoa izan baino bi egun lehenago fiskaltzak helegitea aurkeztu zuen, Martinezi desobedientzia delitua egotziz. Epaileek fiskaltzaren helegitea, apelazioa eta epaia bera aztertu beharko dute eta ilbeltzaren hasierarako albisteren bat izatea espero da.
Horixe jakinarazi zuen Martinezi babesa azaltzeko sortua den Erdurnerekin bat dinamikak. Bere kideek azaldu dutenez, “Edurnek eta abokatuak epaiketan aurkeztutako bideoak Ertzaintzaren gezurrak agerian utzi zituen. Horrek hedabideetan zeresan bortitza sortu zuen eta bideoak EAEko Segurtasun Saila eta Ertzaintza alarman jarri zituen”. Dinamikako kideek “alarma” horren atzean ikusi dute helegitea aurkezteko arrazoia.
Dinamikatik adierazi dutenez, “helegiteak oinarri sendorik ez duen arren, Martinez berriro arriskuan utzi du, fiskaltzak zigorra igotzea eskatu baitu”. Aldi berean, gaztigatu dute gazte altsasuarra 15 hilabeteko espetxe zigorrera zigortua izateko aukera dagoela. Horregatik, altsasuarrei “erne” egoteko eskatu die, “behar izanez gero mobilizazio berriak deituko baitira”.
Kronologia laburra
2013-04-19 Donostiako herri harresian Martinez atxilotu zuten
2015-01-28 Altsasuko Udalak elkartasuna adierazi zion.
2015-02-25 Agintearen kontrako atentatuagatik egitekoa zen epaiketa garilaren 2ra atzeratu zen.
2015-07-02 Martinez erresistentzia leporatuta epaitu zuten. Donostian eta Altsasun kontzentrazioak egin ziren.
2015-09-17 Martinez absolbitu egin zuten.