Irurtzundarren ahotsa udaletxean

Guaixe 2016ko urt. 22a, 09:29

Joan den larunbatean hasi eta bihar despedituko dira Irurtzungo Udalak antolatutako parte hartze bilerak. Irurtzungo Udalak herria sei zatitan banatu eta zati bakoitzean dauden kaleetako irurtzundarrak bilera banara deitu ditu. Bizitokia gertutik ezagutzen duenez, irurtzundarrek informazioa lehen eskutik eman dezatela nahi dute udalean. Halaxe azaldu digu Aitor Larraza Carrera alkateak: “bakoitza bizi den auzoan, zein premia eta behar dituen hobekien dakiena da. Horiek lehen eskutik jaso nahi ditugu, jendeak herrirako zein ideia eta behar sumatzen dituen.

Alkateak argudiatu duenez, “gu udalaren egunerokotasunean sartuta gaude. Herria osotasunean hartzen dugu. Parte hartze bilera hauek irurtzundarrek zuzenean jakinarazpenak egiteko modu bat da. Guk jakin behar dugu, baina haiek gu baino hobe dakite euren kalean zein premia dituzten, eta zuzenean haien premien berri ematen digute”. Espero baino jende gutxiago agertu zen pasa den larunbateko bileretara. Hala ere, “ongi, jendeak parte hartu du. Bilera onak izan dira”.

Aurrekontuak
Orain arteko bileretan Larrazak udalaren aurtengo aurrekontuetan jaso nahi dituzten egitasmo nagusien berri ere eman dizkie irurtzundarrei. Baina horrekin batera legegintzaldiko hurrengo hiru urteetan aurrera eraman litezkeen ekimenez herritarren iritzia jaso nahi izan dute udalean.

Alkatetza duen EH Bilduk aurrekontu zirriborroa aurreko astean pasa zien gainontzeko udal taldeei. Bi aste izanen dituzte emendakinak aurkezteko. Larrazak esan digunez, aurrekontua otsailean onartzea espero dute. Aurreratu digunez, gizarte arloko diru-sailak mantendu eta bizpahiru proiektu jaso dira aurrekontuetan.

Udalatik kanpoko irurtzundar talde bat aurrekontu parte-hartzaileak lantzen ari da aurten ere. “Horrek Irurtzun herri bizia dela eta parte hartzen duela erakusten du”, esan digu alkateak. Zortzi proiektu dituzte gaur egun esku artean. Horiek eragileei aurkeztuko zaizkie eta galbahea pasata hiruzpalau geldituko dira, eta irurtzundarrek bozketa bidez haietako bat aukeratuko du. Udalak 35.000 euro bideratu ditu.


Bilerak
Ilbeltzak 23, larunbata
10:00etan Intxaurreta, Ugaldeta, Larraun eta Lizarra (19 zb arte) kaleetako
bizilagunak.
12:00etan Iturtxoko, Behetiko Erreka, Herria eta Lizarra (20 zb-tik aurrera)
kaleetako bizilagunak)
16:00etan Berria, Elizpea, Bi haizpe eta Aralar kaleetako bizilagunak.