Doktoretzako aparteko saria Idaretarendako

Guaixe 2016ko urt. 22a, 11:10
Fran Idareta Goldarazena.

NUPeko Giza eta Gizarte Zientzietako Fakultatean 2010-2011 eta 221-2012 ikasturteetan egindako doktoretza tesi onenaren saria jaso du irurtzundarrak.

Fran Idareta Goldarazenak, Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Gizarte Langintzan doktoreak, doktoretzako aparteko saria jaso du. Sari horrek Idaretaren tesiak gizarte-lanaren etikari “egindako ekarpena, berritasuna, originaltasuna eta erabilgarritasuna, kalitatea eta haren eragina, sorrarazi dituen publikazioak baita sarituaren akademia espedientearen bikaintasuna” aitortzen ditu.

Idaretak NUPen gizarte-laneko aurreneko gradu-ondokoan ikasi zuen 2006 eta 2008 artean. Hura despeditu ondoren tesia idazteari ekin zion. Etika lehen filosofia gisa: Emmanuel Lévinasen etika gizarte-lanari gerturatzea izenburua zuen tesiak. NUPeko Gizarte-Laneko Departamentuko zuzendari, filosofia arloko irakaslea eta nazioartean gizarte-lanaren etikan ikerlari nabarmenena den Maria Jesus Uriz Peman doktoreak zuzendu zuen irurtzundarraren tesia. 2011ko apirilean aurkeztu zuen Idaretak eta bikain cum laude aitortza eskuratu zuen. Berea gizarteko esku-hartzearen epistemologia eta etikako Estatuko lehen tesia izan zen. Hau da, gizarte-lanaren arloan “nola lan egiten dugun eta nola hobetu dezakegun”.

Idaretak estatuko eta nazioarteko itzala duten aldizkarietan 20 artikulu baino gehiago argitaratu ditu. Nazioarteko prestigiodun argitaletxeekin zenbait liburu argitaratu ditu ere. Aurretik, gizarte langile gisa zenbait urtez aritu da. Gaur egun NUPeko Gizarte-Laneko Departamentuan irakasle eta ikerlaria da. Maria Jesus Uriz doktoreak zuzentzen duen Efimec ikerketa taldeko zuzendari-ordea da. Bere ikerketa ildo nagusiak gizarte lanaren etikan eta epistemologia dira.