Udalak enplegurako 190.000 euro bideratu ditu

Guaixe 2016ko mar. 4a, 09:04

Irurtzungo Udalak 1.887.000 aurrekontua onartu du, joan den urtean baino 5.000 euro gutxiago.

Aurrekontuez galdetuta, Aitor Larraza Carrera Irurtzungo alkateak zehaztapena egin nahi izan du: “lehenik esan behar, gainontzeko herrietan bezala, krisialdiak baldintzatutako aurrekontuak izan direla. Eraikin eta industriaguneek mugimendu gutxi dute. Kobratzen ditugun eta Nafarroako Gobernutik etortzen den finantziazioan oinarritzen dira”. Foru administrazioak udalendako diru gehiago agindu du eta gauzatuz gero “ongi etorria” izanen dela azaldu digu Larrazak. Aurrekontua osatzeko irizpideez  galdetuta, alkatean esan digu “gizarte arlorako ahalik eta diru kopuru handiena mantentzea eta inbertsioetarako diru-sail dexentekoa egotea” ahalegindu direla.

Irurtzungo aurrekontuetan enplegurako 190.000 euro daude, “beste urtekoen antzekoa”. Gizarte Zerbitzuen bidez egiten diren kontratazioetarako 84.000 euro bideratuko dira. Une honetan hiru pertsona daude bide horretatik kontratatuta. Eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren laguntzak egiten dituen kontratazioetarako 105.000 euro izanen dira. Bi langile gazte txokoan ari dira dagoeneko. Martxo bukaeran sei hilabetetarako sei kontratu eginen ditu udalak (bi kisusgile eta lorezaintza eta garbiketa lanetan aritzeko langileak). Udan igerilekuaren martxa bideratzeko beste zortzi langile kontratatuko ditu udalak. 19 kontratazio guztira.

Inbertsioetara 74.000 euro bideratu ditu Irurtzungo Udalak. Irurtzundarrek erabakiko dute haietatik 35.000 euro zertan inbertituko diren. Parte-hartze aurrekontuen bidez izanen da hori. Haiek lantzen dituen lan taldea prozedura aurreratua du eta irurtzundarrei kontsulta udaberrian eginen zaie. Udaletxearen sarreran, jubilatu elkartearen biltegian zen espazioan, komuna publikoak eginen dituzte aurten. Horretara, 25.000 euro bideratuko ditu udalak. Frontoian eta hilerrian izanen diren obra txikiek osatzen dute inbertsioaren atala.

Tramitazioaz
EH Bilduk udalean gehiengoa du eta aurrekontuak prestatzerakoan arlokako lan taldeetan landu zituzten aurrekontuak. Udalean ordezkaritza duten independenteei eta UPNko zinegotziei helarazi zizkieten. Haiekin “puntu batzuk adostu genituen, baina ekarpen handirik ez zuten egin”, azaldu digu alkateak. Aurrekontua EH Bilduren 6 eta independente baten bozekin eta 4 abstentziorekin (3 independente eta UPNko bat) onartu zen.

Aurrekontua onartu aurretik Larrazak irurtzundarrei aurrekontuaren nondik norakoak azaldu zizkien. Auzoka antolatutako sei bileretan izan zen. Saio haietan irurtzundarrek auzo bakoitzean zituzten gabezien berri eman zioten alkateari. “Oso probetxugarriak izan ziren deialdi haiek. Jendeak ongi hartu zuen ideiak udalarekin partekatzea. Bizpahiru gauza egiten hasi gara, halako arazorik zegoenik ez genekielako. Guk herria osotasunean ikusten dugu, baina auzoetako arazo puntualez ez gara ohartzen”. Halakoak egiten jarraituko dute, “seguraski”. Alkateak aurrekontuekin lotu baino, “egin beharrekoekin” lotu ditu bilera horiek.


Eskola handitzea
Larrazak jakinarazi digunez, Hezkuntza Departamenduarekin bi bilera izan dituzte Irurtzunen Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako institutua eraikitzeko eskatzeko. “Guk bezala, Nafarroako Gobernuak ez duela halako eraikuntza bat egiteko dirurik esan digute. Guk eskaera egiten segituko dugu”. Udalak institutua kokatzeko lur-saila badu. Bitartean, urtero moduan eskolan mantentze lanak egiteko diru-saila jaso du aurrekontuetan.


Hondakinen kudeaketa
Europako Batasunak 2020rako hondakinen birziklatze tasak handitzeko eskaera egin du. Irurtzunen auzokonpostaren aldeko apustua egin dute. 2014Ko urte akaberaz geroztik zortzi auzokonpostagailu daude herrian barna.  Bakoitzaren kudeaketaz bi boluntario arduratzen dira eta Sakanako Mankomunitateko Hondakin Zerbitzuko langileak pozik daude irurtzundarren jarrerarekin. Larrazak esan digunez, “auzokonpostarena pauso txiki bat da, baina beharrezkoa zena. Jendeak oso ongi hartu du. Hoberena izan da beste jende askok beldurra kendu diola. Pixkanaka beste pauso batzuk ematen joan beharko dugu ”.

Irurtzungo birziklatze tasa handitzeko udala Mank-ekin harremanetan dago. “Bizpahiru bilera egin ditugu haiekin. Duela bi urte hitzarmen bat genuen, gauza bategatik edo besteagatik sinatzeko gelditu dena”.  Auzo-konpostagailu gehiago jartzeko finantzazioa eta beste jaso nahiko lituzkete hartan. Mank-eko aurrekontua onartu ondoren izan daiteke.