Idaretak doktoretza aparteko saria jaso du

Guaixe 2016ko api. 19a, 21:14
Fran Idareta Goldarazena, eskubitik bigarrena.

Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) egindako ekitaldian, Fran Idareta Goldarazenak doktoretzako aparteko saria jaso du gaur. Idareta NUPeko Gizarte Langintzan doktorea da eta unibertsitateko Giza eta Gizarte Zientzietako Fakultatean 2010-2011 eta 2011-2012 ikasturteetan egindako doktoretza tesi onenaren saria jaso du irurtzundarrak.

Idaretak NUPen gizarte-laneko aurreneko gradu-ondokoan ikasi zuen 2006 eta 2008 artean. Hura despeditu ondoren tesia idazteari ekin zion. Emmanuel Lévinasen etika gizarte lanari hurbiltzen zion tesi batekin, filosofo juduak proposatzen dituen sentiberatasun eta zainketa nozioetatik abiaturik. Lanak nabarmendu zuen zer garrantzi daukan emozioak ongi kudeatzeak erabaki etikoak hartzeko, eta beharrezkoa dela jarrera kritikoa eta autokritikoa izatea jardun profesionalean.

Maria Jesus Uriz Peman Gizarte Laneko Saileko irakasleak zuzendu du doktoretza tesia, eta estatuko historian gizarte lanari buruzko gaian doktoretzako aparteko saria jaso duen aurreneko tesia da. Idareta gizarte laneko profesionala izan da hainbat urtetan, eta gero NUPeko Gizarte Laneko Sailean hasi zen egiten bere ikerketa eta irakasle lana. Saileko zuzendariordea da eta Efimec (Etika, Filosofia eta Zientziaren Metodologia) ikerketa taldeko kidea da. Uriz irakaslea da taldeko horretako burua.