Osasun etxeko anbulantziendako sarbidea egokitu da

Guaixe 2016ko api. 29a, 08:59

Emakumea osasun etxera sartzen.

Hala erabaki dute irurtzundarrek parte hartze aurrekontuen bidez eta udalari proiektua egiteko eskatuko diote.

Parte hartze aurrekontuen bidez irurtzundarrek udalaren 35.000 euroko diru saila zein proiektutara bideratu erabaki dute. Bost aukeren artean osasun etxeko anbulantziendako sarbidea egokitzera bideratuko du udalak dirua. Teknikariek esanen dute nola, baina anbulantziendako edo larrialdiekin joaten diren autoendako geldigunea handituko da. Horrela, anbulantziak atzeraka egin gabe sartu eta ateratzeko aukera izanen dute. Hau da, Lizarra kaletik sartu eta aparkalekutik atera. Honako lanak aurreikusten dira: osasun etxeko estalpea handitzea eta eskailerak arranpa batengatik ordezkatzea.

Parte hartze aurrekontuen taldeak irurtzundarrekin eta hainbat erakunderekin bilerak egin ondoren bost proiektu babesteko aukera eman zuen. Apirilaren 2tik 10era bitartean 534 boto jaso zituzten eta babes gehien, 200 boto, osasun etxeko lanak izan zuen. Plazako zorua eta harmailak konpontzearen aldeko 104 boto izan ziren. Kiroldegian etorkizunean gimnasioa egokitzeko espazio bat egiteko lanak eta San Martin jubilatu elkarteko leihoak aldatzeko proposamenek 78na boto jaso zituzten. Azkenik, paseatzeko leku eta bideen planaren alde 60k egin zuten. Bestalde, 14 paper txuri edo baliogabe izan ziren

50 proposamen
Bost proiektuetako baten alde botoa ematearekin batera irurtzundarrek herria hobetzeko proposamenak egin zitzaketen ere. 50 jaso dira eta haien aukeraketa egin ondoren batzuk 2017ko prozesuan izanen dira. Kostu gutxiko proposamenak udalak urtean zehar eginen ditu.

Aurreko urteetako aukerak
2011 Bi Aizpetako bidexka konpondu zen.
2012 Espaloiei errespetua. Seinaleei errespetua proiektua garatu zen.
2013 Igerilekuko azpiegiturak hobetu ziren.
2014 Atakondoa eskolako aldagelak berritu.
2015 Barazkiguneko karpa.
2016 Osasun etxeko anbulantziendako sarbidea egokitzea.