Eskolatik emakumeen kontrako indarkeriaren kontra

Guaixe 2016ko aza. 28a, 11:14

Bihar, 15:30ean, Atakondoa eskolan gurasoendako solasaldia

Atakondoa eskola, Irurtzungo emakumeen taldearen aholkularitzarekin eta elkarlanean, genero berdintasuna lantzeko hainbat jarduera egiten ari da egunotan. Emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako eguna dela baliatuz ari dira ekimen horiek gauzatzen, beti ere, eskolaren proiektu sozioemozionalean oinarrituta.

Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetako eta DBHko ikasleek parte hartu dute ekimenetan. Lehenik, genero berdintasun eza islatzen duten egoerei buruzko bideoa ikusi zuten. Ondoren, horren inguruan hausnartu eta berdintasunerako gogoa adierazten duten ideia, hitz edo irudien bilketa egin zuten. Ikasleek egindako lan guztiak Atakondoa eskolako sarreran prestatutako txoko batean jarri zituzten ikusgai ostiralean.

Ikasleez aparte, gurasoei zuzendutako proposamena ere badute Atakondoako zuzendaritzak eta Irurtzungo emakume taldeak. Ikastetxeko gurasoak solasaldi batera gonbidatu dituzte biharko. 15:30ean hasita, genero berdintasunarekin sentsibilizatzeko bideo bat emanen da eta Katti Goikoetxea berdintasun teknikari eta genero gaietan adituarekin solasaldia eta eztabaida saioa izanen da.

Bestetik, Erratzak Astinduzek ostiralean deitutako kontzentrazioan 120 pertsona elkartu ziren. Bizirik eta aske izan nahi dugulako leloa zuen elkarretaratzeak. Ondoren Iratxo elkartean egindako afarian, berriz, 70.  

Argazkiak: Itziar Matxain