Arrozkeratik pertsonara

Guaixe 2017ko mai. 12a, 09:06

Munduko Arrozak ekimena itxiko du Kulturartekotasun astea, 10:00etatik aurrera, Foru plazan. Prestatutako arrozen dastatzea 13:30ean eginen da.

Atzera ere, Foru plazako estalpea sukalde bilakatu eta Munduko Arrozak ekimena hartuko du. Bederatzigarren edizioa du Irurtzungo ekimenak eta aurten antolatzaileek magikoa izanen dela iragarri dute. Izan ere, arrozak prestatzeko moduek eta haien dastatzeak hainbat jatorritako irurtzundarrak batzeko duen indar magikoa agerian geldituko da berriro. Maroko, Senegal, Ganbia, Siria, Irurtzun, Atakondoa eskola, jubilatuen elkartea eta AEBko erara egindako arrozak nola egin ikasi eta dastatzeko aukera izanen da.

Sukaldariak eta ikasle edo dastatzaileak mahaiaren alde bietan elkartzeaz aparte, bestelakoak ere eskainiko ditu Munduko Arrozak ekimenak. Atakondoa eskolan astean landutako tailerrak plazan izanen dira berriro eta haurrek haietan aritzeko aukera izanen dute 11:00etatik 12:00etara. Horretarako hiru stand izanen dira. Gainera, eguerdian, magia ikuskizuna eskainiko dute 12 urteko Maksim Zestau eta Manu Pereira magoek. Sakanako Mankomunitateko Anitzartean, kulturartekotasun zerbitzuak aldi berean, aniztasuna, berdintasuna, errespetua eta diskriminaziorik eza balioak sustatuko ditu. Parte-hartzaile guztiak, akaberan, elkarrekin bazkalduko dute jubilatu elkartean.

Irurtzungo kulturartekotasun astea bihar despedituko da. Arabiar komunitatearen kultura ezaugarrien erakusketa eta dastatzearekin hasi zen astea igandean. Astegun bakoitza, bestalde, kontinente bati eskainia diote Atakondoa eskola publikoan. Goizetan ikasleak hari buruzko informazioa jasotzen zuten. Arratsaldeetan, berriz, jatorri desberdinetako gurasoak emakumea eta dantza edota musika gaien inguruan hizketatu ziren. Atzo Vendettako Pello Reparezen kontzertua izan zuten eta gaur munduko jakiez gozatzeko aukera izanen dute, 15:30etik aurrera.