Inasa zena industrialde bihurtzera

Inasako industrialdeko lanak hamar egun barru hasiko dira

Guaixe 2017ko uzt. 7a, 09:51

Bi enpresa berri irailean lanean hasiko dira eta haiek kokatzeko azpiegitura guztiak jarriko dituzte.

Inasa zena industrialde bihurtuko zela iragarri zuten joan den urteko lastailaren 14an. Ordutik aldamenean dagoen Sapak pabiloi bat eskuratu du eta bi logistika enpresa ere lanean ari dira. Baina industrialde berria egokitzeko Nafarroako Gobernuak Udalez Gaindiko Sektore Plana garatu behar zuen. Aitor Larraza Carrera Irurtzungo alkateak jakinarazi digunez, hura oraindik ez da egin baina eskaerak badituzte.

Gobernuak plana egin bitartean eta enpresen ezarpena aurreratzeko, Irurtzungo Udalak Hiri-Jarduketa Plan Berezia onartu du, "lehen fasean egin beharreko lanei lege-babesa emateko". Larrazak azaldu digunez, Inasa zeneko bulegoa eta inguruko nabe batzuk hartzen ditu. Hilaren 17an hasiko dira pabiloi batzuen eraisketa, egokitzapen eta azpiegiturak jartzeko lanak. Nafarroako Gobernuak ordainduko ditu 560.000 euro (BEZ kanpo) balio duten lanak. Haiek despeditzean enpresak kokatzeko behar dituzten argindar, gas eta bestelako azpiegiturak izanen dituzte eta lehen faseari dagokion kalearen zatia egokitua egonen da.

Zain
Inasako lursaila Nasuvinsa enpresa publikoarena da, 2,5 milioi euro ordaindu zituen hura eskuratzeko. Hura garatzeko ardura foru administrazioak hartu du. Administrazio eta teknika lana egiten ari dira eta Larrazak esan digunez, 2018rako espero dute industrialdea garatuko duen Udalez Gaindiko Sektore Plana egina egotea; "baina ez dago datarik". Haren bidez industrialdearen bigarren zatia garatuko litzateke eta eremu horretan enpresek interesa dutela aurreratu digu. Bide batez, alkateak jakinarazi digu irailean lanean hasiko diren bi enpresak berriak direla.

Gobernuak garatuko duen industrialdea Arakilgo eta Irurtzungo 145.000 m2 hartzen ditu. 20 bat enpresa kokatzea aurreikusi dute eta, horretarako, 5,3 milioi euro inbertitzea aurreikusten du. Inbertsioa pabiloien salmenta eta alokairutik berreskuratu nahi du Gobernuak. Industrialdea egitean hango kaleak kamioien pasa herritik kentzeko balioko du.

Erlazionatuak