Nobela historikoa dela zehaztu digu hasteko. Erromatar Inperioaren azken unean kokatu ditu hainbat istorio, bandaloak iristear zeudela. Denboraren kapsula moduko bat da eleberriaren abiapuntua. Etxebizitza baten zaharberritze prozesuan, “kasualitatez” paretako zulo batean papiro-biribilki batzuk agertzen dira. Gaur egunera arte egoera ezin hobean iritsi diren papiro horietan Baskoniako herritarrek euren bizimoduaren berri ematen dute: euren mundu ikuskera, euren mitoak, erromatarrekin dituzten gatazkak, kristautasunaren agerpena… Guztia esan bezala, bandaloen inbasioaren aurretik. Horregatik, papiro-biribilkiak gordetzearena.
Estebanek azaldu digunez, gai nagusia baskoien eta erromatarren arteko harremana da. “Ez dira beti onak”. Beti ere, “benetako testuinguru batean kokatuta”, liburuan benetako istorioak eta fantastikoak nahastu dituela jakinarazi digu irurtzundarrak. “Asko asmatu dut ere. Erromatarrei buruzko dokumentazioa badago. Baskoiei buruz ez dago ia ezer”. Salbuespena hilobietan opatutako aztarnak liratekeela esan digu Estebanek. “Baina horretaz aparte ez dakigu ezer euren pentsamenduaz, mundu-ikuskerez… eta hori asmatu egin dut”. Egungo jendea erromatarren garai harrekin alderatuta “agian ez dago dena aldatuta. Gure beldurrak, gure esperantzak… agian ez dira guztiz aldatu”. Jarraipen bat dagoela, alegia.
Azaldutako guztiagatik pertsonaia historikoak ere ageri dira Tras la pared liburuan: Prisciliano gotzaina, Oiartzunen opatutako garai hartako izen bat, Juliano enperadorea... Esaterako, azken horren Pertsiako kanpainari buruzko asmatutako interpretazioa ematen du liburuan Estebanek. Irurtzundarrak liburua idazteko Amiano Marcelino, Plutarco edota Macrobio historialari eta idazle erromatarrak irakurri ditu, “ereduak izateko; nola idatzi eta zer estilo…” Aipatutako istorioak kontatzeko hainbat genero erabili ditu Estebanek nobela historikoa ontzeko: pasarteak, poesia, elkarrizketak… “Elkarrizketa filosofikoen adibide asko ditugu Platonetik Macrobiora arte”.
Zaletasunaz
Idazleak esan digunez, “liburu batekin jaio” zen. EHUn enpresa-ikasketak egin zituen eta geroago UNEDen filosofia. “Beti irakurri dut. Nobelak ez zaizkit asko gustatzen. Filosofia, poesia, poesia erromantikoa eta genero fantastikoa gustatzen zaizkit”. Estebanek esan digunez, “beti saiatu naiz irakurtzen eta idazten. Ez da salto bat. Irakurtzea gustatzen bazaizu... Zirriborroak, eskemak egiten dituzu. Beste gauza bat da zentzua duen multzo bat egitea”.
Gazte zela, 20 urterekin edo, aldizkari batean artikuluak argitaratu zituen. Literatura sariak ere irabazi ditu. Beti zerbait egin izan du, baina apirila akaberan argitaratu zen liburua du aurrenekoa. Duela sei urte sortutako ideia baten gauzatzea dela ere azaldu digu. “Istorio polita izan zitekeela pentsatu nuen”.
Irurtzundarrak argitu digunez, “liburua auto-edizioa da. Círculo Rojo enpresarekin harremanetan jarri nintzen, zuk ordaintzen duzu eta eskatutako liburuak bidaltzen dizkizute. Halako gehiago badaude”. Pozik dago edizioarekin. Irakurleen aldetik denetariko iritziak jaso ditu. Irurtzungo irakurle taldeko kideekin ere garagartzaroaren 8an iritziak partekatzeko aukera izan zuen. “Iritzi guztiak onak dira, nahiz eta onak ez izan. Iritzi zintzoek hobetzen laguntzen zaituzte. Ni horrekin gelditzen naiz”.
Liburu bat esku artean izanda berririk etorriko den galdetu eta “momentuz, ez” erantzun du Estebanek. “Ipuin batzuk ditut, baina nire asmoa ez da argitaratzea”. Idazten “beti” jarraituko duela gaineratu du, “publikatzea beste gauza bat da”. Bitartean, liburua FNAC-en web orrian edo hari Facebook bidez eskatuta eskuratu daiteke.