Azokaren bezperan, elikadura iraunkorra mintzagai

Guaixe 2017ko ira. 14a, 08:30

SustainablEating dokumentalaren proiekzioa eta solasaldia antolatu dute Irurtzungo Kultur Etxean, gaur, 20:00etan.

Sakanako Garapen Agentziak eta Irurtzungo eta Arakilgo Udalek Irurtzun eta Arakilgo V. Bertako Ganadu Azoka antolatu dute iganderako. Abereen gunea, azoka gardena, erakusketak, artisauak, musika, joaldunak eta beste izango dira. Helburua, besteak beste, bertako laborarien produktuak eta salmenta zuzena sustatzea da.

Sabater, Russolillo eta Ganboarekin solasaldia
Azoka badatorrela aprobetxatuta SustainablEating dokumentala ikusteko aukera izango da Irurtzungo Kultur Etxean, bihar, 20:00etatik aurrera. Dokumentalaren proiekzioaren ondoren, elikadura iraunkorraren inguruan solas egiteko aukera izanen dute bildutakoek. Solasaldian dokumentaleko zuzendari Carlos Sabater Calafatek, Giuseppe Russolillo doktoreak (Espainiako Elikadura eta Dietetikako Akademiako presidentea eta ICDAko juntako kidea) eta dokumentalean agertzen den Aritz Ganboa artzain arruazuarrak hartuko dute parte.

Aipatu proiekzioa eta solasaldia SustainablEatingek, Espainiako Elikadura eta Dietetika Akademiak eta Irurtzungo eta Arakilgo Udalek antolatu dute. SustainableEating dokumentala 2016an aurkeztu zen Granadan. 63 minutuko luzapena duen lanean aipatzen denez, elikaduren produkzioan eta kontsumoan sortzen dira berotegi-efektuko gasen emisioaren eta aztarna ekologikoaren %25 eta %35a. Horrela, elikagai ekologiko eta jasangarriak sortzen dituzten ekoizleen eskutik, inguruarekiko jasangarriak diren elikagaiak nola egiten diren erakutsiko du dokumentalak eta zergatik hainbat ekoizleek ekoizpen horren alde egin duten. Tartean agertzen da Aritz Ganboa artzain eta gaztagile arruazuarra. Elikaduraren arloko adituek ere elikadura iraunkorraren dituen mesedeak aipatzen dituzte.