Idareta Gizarte-laneko Kontseilu Nagusiko Deontologia Batzordean

Guaixe 2017ko urr. 25a, 13:47

Francisco Idareta Goldarazena.

Francisco Idareta Goldarazena, Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Gizarte-laneko Departamentuko irakasle eta ikerlaria, Gizarte-laneko Kontseilu Nagusiko Deontologia Batzordeko kide izendatu dute, aditu gisa. Espainian estreinakoz sortu berri da batzordea eta irurtzundarraz aparte beste lau kidek osatzen dute. Kontsultarako eta aholkularitzarako talde-organoa da batzordea. Bere egitekoa gizarte-lanaren Deontologia Kodeko baloreak eta oinarriak kontuan izanik etika eta deontologia profesionalaren gaineko irizpideak ematea da. Horretaz aparte, lanbidearen balioak eta oinarriak mantentzea, ogibidearen legitimazioa eta kolegio antolakuntza finkatzea, profesionalek praktika ona bermatzea eta deontologia profesionalaren kultura eta trebakuntza bulkatzea.

Idareta hainbat urtez gizarte-langile izan zen. NUPeko Gizarte-laneko Departamentura pasa zen irakasle eta ikerlari gisa. Aipatu departamentuko zuzendari-ordea da irurtzundarra. Aldi berean, Uriz irakasleak zuzentzen duen Etika, Filosofia eta Zientziaren Metodologia ikerketa taldeko kidea da. Idaretaren ikerketa lerro nagusiak Gizarte-lanaren Etika dute ardatz: gizarte esku-hartzearen zalantza etikoen konponbiderako metodologiak, profesionalen jokabide etikoa neurtzeko tresnen sortzea eta balidazioa, protokolo etiko eta auditoria etikoak sortzea, etika batzordeetan aholkatzea eta beste.

Erlazionatuak