Inbertsioetara milioi erdi bideratuko ditu udalak

Guaixe 2018ko mar. 9a, 09:34

Irurtzungo Udalak diruzaintzako gerakineko 256.000 eurorekin hiru kaleren zoladura berrituko du. Aurtengo aurrekontuan beste horren beste diru jaso du hainbat inbertsio egiteko. Aurten udalak 20 pertsona kontratatuko ditu

Irurtzungo Udalak aurtengo aurrekontua asteartean onartu zuen, 1.939.171 eurokoa. Aitor Larraza Carrerak azaldu digunez,   udalak joan den urtean 1.917.222 euroko gastuak izan zituen eta 2.078.423ko diru sarrerak. Beraz, 161.201 euroko superabita izan zuen. Diru hori, eta aurretik diruzaintzako gerakinean zegoena, lanak egitera bideratuko da. Ardubil kaleko zorua berrituko da (38.000 euro). Bi Ahizpa kalean zoruarekin batera arkitektura oztopoak kenduko dira (168.000 euro) eta Akaborro industrialdeko hotel ondoko kaleko zorua eta sareak berrituko dira (160.000). Azken horretaz, alkateak esan digu "aspaldi" ez zela industrialdean lanik egiten eta kale horretan karga handiko ibilgailuak ibiltzen zirela eta premia zuela, Larrazak argitu digunez, 256.000 euroko lan horiek batera eman nahi dituztela.

Onartutako udal kontuetan inbertsioetarako % 13,2 bideratzen da, 255.900 euro. Haietako 76.000 euro Atakondoa eskola publikoko fatxada konpondu eta energia eraginkortasuna hobetzeko izanen dira. Bide batez, alkateak azaldu digu eskola handitzeko lanen deialdia garagartzaroan eginen dela. Bestetik, eskolan goi hornidurako argindarra behekora aldatzen duen transformadorea kendu eginen du udalak, "zaharra delako eta hori ez delako bere tokia" eta zuzeneko argindar hartunea izanen du eskolak. Lan horiek 7.500 euroko aurrekontua izanen dute.

Udaletxeko eta jubilatu elkarteko leihoak aldatu eginen dira eraikinaren energia eraginkortasuna hobetu, berogailuan gutxiago gastatu eta erabiltzaileak erosoago egoteko. Lanek 31.700 euroko aurrekontua dute. Udaletxe ondoan dagoen haurren jolas parkea handitu eginen da eta horretarako 28.000 euro jarri ditu. Bestetik, kultur etxean galdara (gasa), musika ekipoa eta argiteria aldatuko dira 27.000 euroko inbertsioa eginez. Bestetik, Itxesia udal igerilekuko belardia konpontzeko 12.000 euro bideratu ditu. Lanen deialdia egina dago eta proposamenak hilaren 23ra arte aurkeztu daitezke.

Orritzek udalarekin hitzarmena zuen eta garai batean udalarena zen pisu bat erabiltzen zuen. Gaur egun bajera bat da. "Pisua larrialdi egoeretan erabiltzeko konpondu nahi dugu. Esaterako, sute bat gertatuko balitz, kaltetutako familiari ostatu emateko". Lanak pixkanaka eginen ditu udalak eta aurten leihoak aldatuko dizkiote.

Bestetik, joan den urtean bost paperontzi ordezkatu baziren aurten hamar izanen dira. Hondakinak gaika egoki bereizteko paperontziak dira Irurtzunen jartzen ari direnak. Horretara 5.000 euro bideratuko dira. Urtero moduan parte hartze aurrekontuen saila dago, 35.000 eurokoa aurten.

Kontratazioak
Guztira 20 kontratu eginen ditu Irurtzungo Udalak aurten. Nafar Lansareren bidez 6 pertsona kontratatuko dira, 4 zerbitzu anitzetako zerbitzurako eta 2 garbiketarako. Gizarte Zerbitzuen bidez 5 kontratu izanen dira. Gaztetxokorako beste bi eta igerilekuetan lan egiteko lau. Iturraskarri proiektuko onuradunez aparte (7.300 euro).

Alkateak oposizioko taldeen "utzikeria" salatu du: "duela hilabete eta erdi eman genien zirriborroa. Ez dute ekarpenik egin. Deitutako batzordera ez ziren joan". Aurrekontua EH Bilduren aldeko 6 botoekin eta UPNren eta independente baten  abstentzioekin onartu ziren. Azken talde horretako hiru zinegotzi ez ziren bilkuran izan.