1. Egun horretako afariko postre perfektua al zara?
Kar, kar, kar. Bai izan daiteke. Jende pila batek esaten dit niregatik joaten dela, barre egiteko. Nik ez dut uste barrea sortzen duen hori ni naizenik, baizik eta giroa: emakumezko pilo juntatzen dituzu afaltzeko, suelto dabiltza, gustura.
2. Ez da urtero bera izanen, ezta?
Ez, bestela ez ziren joanen kar, kar, kar. Ikuskizuna baino esketx txiki bat izaten da. 20 minutu, 30, 40… Badaude urteak ordu bat egon naizena, jada aspertuta gaixoak! Baina, oso gustura. Daukadan publikorik onena da! Denak ezagunak, denak zu ikusteko gogoz eta denak barre egiteko gogoz. Perfektua!
3. Lantzen duzun gaia nola aukeratzen duzu?
Nik nahi dudana aukeratzen dut. Emakumeen Taldean nago eta nire ekarpena hau izaten da, afalosteko antzerkitxo hori. Urtea daramadanaren arabera, edo nire buruan zer dudan, hortaz hitz egiten dut. Edo saiatzen naiz, behinik-behin. Emakumezkoei buruzko istorioetan bueltak ematen. Emakumea naizenez, nire gorputza ezagutzen, nire burua ezagutzen eta nire bihotza ere. Zer sentitzen dudan. Beti barre egiteko gogoekin, hori bai. Nere buruaz barre egiteko ere bai.
4. Gai orokorra da edo zehatza?
Nahikoa urte daramadanez, denetariko gaiak ukitu ditut. Beti Itziar Matxainekin elkarlanean ari naiz. Bera gabe ezin izanen nuke ezer egin. Bera beti dago teknikari edo kamerarekin. Duela hiru urte, aurretik bideo bat grabatu genuen, youtubeko tutorialen modukoa. Makilatzea edo ile-apaintzeari buruzkoa zen. Badakizu nolakoak diren tutorial horiek: beti perfektua izan behar duzu! Horretaz barre egiteko. Esketx hori grabatuta zegoen eta nik bitartean beste bat egiten nuen: guk ezagutzen dugun emakume bat, bera profesionala izan gabe, apaintzen eta orrazten nola moldatzen zen erakutsiz. Inoiz ez zaiola ongi gelditzen. Pixka bat barregarri uzten. Internet den fikzio hori, ez. Gero eta handiagoa dena gainera. Pasa den urtean Emakumezkoen Jardunaldian emakumezkoen zikloa landu zen. Rosa Legarrak Bach loreen inguruko hitzaldia eman zuen, zikloari buruzko lan oso polita egin zuen. Hori landu nahi izan nuen. Nola jaikitzen zaren egunero pentsamendu eta sentsazio desberdinekin: egun batean desastre bat eginda esnatu eta oso polita ikusten zarela eta beste egun batean ez zarela horren gaizki jaikitzen baina oso itsusi ikusten zarela. Ispiluaren aurrean egonen banintz bezala. Ispilua publikoa zen. Denok gure burua ispilu horretan ikusten genuen.
5. Eta aurtengoa zein gaia da jakin badaiteke?
Bai, ez dago sekreturik. Beti gertatzen da kafea eta kopa hartu ondoren ni ateratzen naizela. Nik ez dut ongi afaltzen, oso urduri jartzen naizelako. Jendeak esketxa ikusi eta gero etxera berehala joaten da eta ez da girorik sortzen. Horrela urte batzuk daramatzagu. Aurten pentsatu dugu lau esketx eginen ditugula: afaldu aurretik, afaltzerakoan eta ondoren. Ia giro pixka bat sortzen dugun eta juerga egiten dugun ere, beharrezkoa dela. Azkenekoan, zumba klase bat egonen da. Beraz, zapatilak eraman.
6. Gaia esketx bihurtzea beste kontu bat izanen da, ezta?
Aurten sudurrik gabe eginen dut. Clown puntutxo bat sartuko diot; odolean daramat, ezin dut ukatu. Zumba klasea ematen duen halako “explosion woman” bat nolakoa izanen litzatekeen pentsatzen dut. Haren larruan sartu, nola eginen lukeen, zein energia izanen lukeen… Hori pixka bat landu eta ateratzen dena. Ez pentsa asko lantzen dudanik, ez dudalako denborarik.
7. Beraz, ez du denbora asko kostatzen sortzeak?
Pixka bat bai. Baina kristoren giroa dagoenez, beti ere inprobisazioa hor libre da. Jendeak eskertzen duela uste dut.
8. Inprobisaziorako tartea, bai orduan?
Bai, hori clownean beti!
9. Jendaurrean eman aurretik, norbaitekin edo nonbaiten testatzen duzu?
Normalean etxean egiten dut. Bideoa grabatzeari utzi diot. Ezin dut nire burua ikusi! Baina ahizpari, amari, lagun bat hots egiten dut. Ikus dezaten eta zer pentsatzen duten esan dezaten. Zerk funtzionatzen duen eta zerk ez ikusi, eta hortik jo. Funtzionatzen duena esplotatu, eta bestea pixka bat aparte utzi.
10. Eta jendeak parte hartzeko aukera dago?
Bai. Batez ere aurten. Zumba klase horretara denak apuntatzea espero dut. Eta ongi pasatzea. Gero musika jarriko dugu, estilo librea lantzeko.
11. Emanaldi bera publiko mistoarekin, jendearen erreakzioak berdinak lirateke?
Emakumezkoen Jardunaldiko afaria mistoa izaten da. Gizonezkoak gero eta gehiago joaten dira. Proportzioan ez daude asko. Ongi pasatzen dute. “Moztuago” gelditzen dira. Ez dakit zer pentsatzen duten, baina nik uste ez dutela euren burua leku horretan ikusten, oso eroso edo. Baina, bai, zirikatzeko tartea beti dago.
12. Emanaldia txaloekin bukatzen da, edo ondoren komentarioak datoz?
Pasa den urtean gertatu zitzaidan. Esketxa bukatzeko makinarekin ilea larru-arras moztu nuen. Baten batek kasik zaplaztekoa eman zidan. Eta ez zen nire ama! Baina batez ere emakumezko helduak etortzen ziren eta esaten zidaten: erotuta zaude!!! Horretan, txalo zaparrada baino ia sesioa izan nuen.
13. Emanaldia gero beste herriren batean ematen duzu?
Badira gauza batzuk egun honetarako prestatu eta gero luzatu eta zatitxoak aprobetxatu ditudala beste gauzetarako. Beste batzuk ez. Irurtzunen martxoan egiten ditut eta gero ez ditut inoiz egiten. Joan den urtekoa, esaterako, ilea larru-arras mozten bukatzen nuenez, ezin izan dut beste inon egin. Ez zait horren besterako ilerik hazi kar, kar, kar.
14. Egunero omen da martxoak 8. Egunero clowna da?
Egunero beharko luke martxoak 8 eta clowna, bai! Egunero arnastu beharko genuke clowna. Gure osasunerako oso-oso ona delako.