Kulturartekotasuna ikasgelatik plazara salto

Guaixe 2018ko api. 13a, 09:23

II. Irurtzungo Kulturartekotasun Astea astelehenean hasiko da. Atakondoa eskolan astegun bakoitza kontinente bati eskainia izanen da. Astea Munduko Arrozekin (apirilak 21) eta Liburuaren Egunarekin (apirilak 23) osatuko da.

Atakondoa eskola publikoan heldu den asteko ikasketa-egun bakoitza munduko kontinente bati eskainia izanen da, 09:00etatik 15:00etara. Hala, astelehenean Asia izanen da protagonista. Asteartean Afrikaren txanda izanen da. Ozeaniaren txanda asteazkenean izanen da. Amerikari eskainiko diote osteguna eta, bukatzeko, ostiralean, Europa izanen da ardatza. Ikasleek lotura duen nahi dutena eramateko aukera izanen dute.

Ikasleek astean dagokion kontinenteko jakiak prestatuko dituzte. Errezeta-liburua sortzen ari dira horretarako. Aurtengo berritasuna da jangelan ere isla izanen duela Kulturartekotasun Asteak, izan ere, dagokion kontinenteari lotutako menuak dastatzeko aukera izanen dute ikasleek. "Horrekin poz-pozik daude" esan zuen zuzendariak.

Bestalde, gurasoei zuzendutako bi solasaldi ireki antolatu dituzte. Asteartean emakumea eta musika izanen dute. Ostegunean, berriz, jolasak, merienda eta istorioak. Solasaldiak 15:00etatik 16:30era izanen dira.

Munduko Arrozak
Berriro ere plazan kultura eta ezagutza partekatzeko aukera izanen da. Nahi duen guztiak arroza prestatzeko aukera izanen du. Bestela, beste kulturetan nola prestatzen den ikusteko aukera izanen da. Ohi bezala, sentsibilizazio txokoa, jolasak eta beste izanen dira Munduko Arrozetan, apirilaren 21ean, larunbatean, 10:00etatik aurrera.

Liburu Eguna
Apirilaren 23an, astelehenean, Liburu Eguna ospatuko da, baita Kulturartekotasun Astearen barruan. Ikasleak hiru liburu bidaiari idazten ari dira. Klase batean testu bat idatzi eta beste bati pasa behar diote. Haiek aurreko guztia irakurri eta ekarpen idatzia egin behar dute. Sanchez zuzendariak azaldu zigunez, "baldintza bakarra da munduko toki beretik ezin direla pasa. Horrek klasean ikerketak egiteko aukera ematen du. Esaterako, batzuek ez zekiten Mongolia non zegoen eta horrela ezagutzeko aukera izan zuten". Idatzi bitartean ipuinak egiten ari diren ibilbidea mapa batean irudikatzen ari dira. A ereduko liburu bidaiari bat eta D ereduko bi egiten ari dira. LH eta DBHko ikasleak testuez arduratzen dira eta Haur Hezkuntzakoak marrazkiez.

Eguna, liburu trukearekin, orri markatzaileen tailerrekin eta beste osatuko da. Ezkaratzean zintzilik dauden postalak ere Liburu Egunaren zati dira. Plazan ospatuko dute eguna.

Antolatzaileak
Sakanako Mankomunitateko Anitzartean Kulturatekotasun Zerbitzua, Itxipuru aldea, Atakondoa eskola publikoa, Atakondoako guraso elkartea, Atakondoa eskolako ama talde bat, Irurtzun aldeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatea, Irurtzungo Kultur Kontseilua eta Irurtzungo Udala.